Berri txarra jasoko dute gaur Renaulteko sindikatuek enpresaren batzorde zentralean. Carlos Ghosn konpainiako presidenteak baieztuko die 5.000 lanpostu sobran daudela, eta salmenta iragarpenak ez direla beteko.
Sindikatuko iturriek atzo aurreratu zutenez, Ghosnek nahi du Frantzian «produkzioan aritzen ez diren» 3.000 langilek enpresa beraien kabuz uztea. Aldez aurretiko erretiroa hartzea edo 24 hilabeteko sariarekin kontratua haustea proposatuko die, eta beraien herrialdera itzultzeko laguntzak Frantziatik kanpoko langileei.
Gainera, Sandouvilleko lantegian beste mila langile kalera joango dira. Lantegi horretan muntatzen dituzte Renaulten maila altueneko autoak, eta horien artean Lagunarenak. Hain zuzen ere, modelo berri horren arrakasta eskasa izan da oraingo arazoen iturrietako bat. Renaultek espero zuen aurten 199.000 Laguna saltzea, baina uztailean 99.000 autora jaitsi behar izan zuen.
Beste mila lanpostu kentzeari buruzko datuak hilaren 18an emango dizkie Ghosnek Frantziako eta Europako beste herrialdeetako lantegietakosindikatuei.
Hiru dira Renaulten emaitza txarren arrazoiak. Batetik, ekonomiaren geldialdiak salmentak gutxitu ditu zenbait merkatu garrantzitsutan. Europan, esaterako,salmenta aurreikuspenen %62an dago orain Renault. Are okerrago Asia-Afrikan, %56 baizik ez dutelako saldu. Renaultek arazo handiak izan ditu Korean, Indian eta Iranen ireki nahi dituen fabriketan. Bigarrenik, euroaren indartzeak Renaulteko autoen lehiakortasuna gutxitu du, eta zailagoa eta garestiagoa egin du Europatik kanpo saltzea. Azkenik, altzairuaren eta beste lehengaien prezioen igoerak tarteak estutu ditu.
Luxuzko markek ez diote krisiari ihes egin. Duela bi aste Land Roverrek iragarri zuen lan txandak gutxitu zituela Solihullen (Ingalaterra). Joan den astean, berriz, Bentleyren txanda izan zen. Salmentak %15 gutxitu zaizkio VW taldeko luxuzko markari. Lan txandak eta orduak murriztuko ditu, eta behin-behineko kontratua duten 50 langileri ez die kontratua berrituko.
Renaultek gaur aurkeztuko die sindikatuei lau mila lanpostu kentzeko plana
Europako fabriketako beste mila langileri ere proposatuko die enpresa beraien borondatez uztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu