Italia

Renziren ‘zapalgailua’

Italiako Gobernuak pizgarriak eta murrizketak konbinatu ditu bide orri ekonomikoan. Aurten BPGa espero baino gutxiago haziko dela aitortu du. 

Matteo Renzi Bruselan, joan den martxoan. JULIEN WARNAND / EFE
Jon Fernandez.
2014ko apirilaren 13a
11:50
Entzun

Bi hilabeterik ez daramatza Italiako Gobernuan, eta ezizen bat baino gehiago irabaziak ditu Matteo Renzik. Renzisconi da horietako bat. Florentziako alkate ohia Italiako zentro ezkerreko Silvio Berlusconitzat jo dute askok: jendaurrean  berba egiteko duen erraztasunagatik, bere diskurtso heterodoxoarekin jendea limurtzeko duen gaitasunagatik, eta bere alderdian botere guztiaz jabetzeko erakutsi duen trebeziagatik. Ezin da ahaztu joan den otsailean hauteskunderik egin barik iritsi zela gobernura, Enrico Letta bere alderdikidea lehen ministro kargua uztera bultzatu ostean. Azken hilabete eta erdian, ostera, beste goitizen bat jarri diote italiarrek: zapalgailua. Boterera iritsi denetik bata bestearen atzetik iragarri eta martxan jarri dituen erreformengatik. 

Hauteskunde legearen aldaketa eta antzeko erreforma politikoen ostean, erreforma ekonomikoen unea irits da orain. Eta Renzik, berriro, ez du inor hotz laga. Asteon aurkeztu du bere gobernuak onartutako Ekonomia eta Finantzen Txostena, datozen hilabete eta urteetan gobernuak segituko duen bide orri ekonomikoa. Aitortu du aurten espero baino gutxiago haziko dela Italiako ekonomia: %0,8, eta ez %1,1, Lettak esan bezala. Baina datozen urteetan azkarrago haziko da BPG barne produktu gordina, Erromako gobernuaren arabera: %1,3 2015ean, %1,6 2016an, eta %1,8 2017an.

Zelan lortuko duen hori? Murrizketak eta pizgarriak nahastuz. Herritar asko poztu eta ekonomista ugari urduritu dituen neurriak iragarri ditu Renzik txostenean. EBrekin hitzartutako defizit helburuari eutsiko diola agindu arren —BPGaren %2,6 aurten—, Financial Times kazetaren arabera, "Renziren sendagaiak ez du osatuko Italia".
Diru sarrera txikienak dituztenei errenta zergaren presioa txikitzea da lehen ministroaren neurri izarra. Urtean, 25.000 eurotik behera irabazten duten beharginei —10 milioi inguru laguni— zerga jaitsiko die maiatzetik aurrera. Praktikan, beharginei hilabetean 80 euro igoko zaie soldata. Edo beste era batera esanda, urtean ia 1.000 euro gehiago poltsikoratuko dituzte. Neurri horrekin barne kontsumoa bultzatu nahi du Renzik. Baina aurkariak ez daude horren seguru; batez ere, neurri horren ondorioz estatuak urtero 10.000 milioi gutxiago jasoko dituelako —aurten soilik 6.700 milioi galduko ditu, maiatzetik aurrera sartuko delako indarrean neurria—.

Murrizketak

Baina zulo hori betetzeko murrizketak ere aurkeztu ditu gobernuak. BEZaren igoeraren ondorioz eta Altxorreko tituluen balioaren handitzearen ondorioz 2.200 milioi euro gehiago jasoko ditu Ogasunak, lehen ministroaren arabera. Gainera, gastu publikoan ere artaziak sartuko ditu, beste 4.500 milioi euro aurrezteko. Hori gutxi ez balitz bezala, Lettak hasitako pribatizazioen bideari jarraituko dio, eta, parlamentuak jada onartuta duen lege bati esker, 2015etik aurrera hainbat probintzia desegin eta 3.000 kargu publiko gutxiago izango ditu estatuak ordaintzeko.

Soldata publikoei ere sabaia jarri die Renzik. Estatuburuak urtean 238.000 euro irabazten ditu, eta beste inork ezingo du hori baino gehiago poltsikoratu. Herritarrek gustuko dute lehen ministro gaztearen erreformen musika: boterera iritsi denetik herritarren babesa %53tik %59 handitu zaio, Ixe di Weber institutuaren azken inkestaren arabera. Aurkari politikoek leporatu diote maiatzeko EBko bozei begira babesa irabazteko neurriak direla.

Zailena orain hasiko zaio Italiako gobernu berriari: zenbakiak bat etortzea. EBko hirugarren ekonomiak BPGarekiko %135eko zor publikoa du, %13ko langabezia tasa—37 urtean handiena— eta industria produkzioa krisi aurrekoa baino %25 txikiagoa. Zapalgailua martxan duela, uztailean EBko txandakako seihileko gidaritza hartuko du Renzik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.