Espainiako Auzitegi Nazionalak 38 urteko espetxe zigorra ezarri dio Juan Ramon Reparaz enpresaburuari, azken hamarkadetan Euskal Herrian atzeman duten iruzur fiskal kasu handienetako batean. Efe agentziak jakinarazitako epaiaren arabera, 1999 eta 2006 urteen artean Reparazek Gipuzkoako Ogasunari 25 milioi euro ezkutatu zizkion. Berez, iruzurra 1980ko hamarkadan hasi zela frogatutzat jo du Auzitegi Nazionalak, baina 1999 aurreko delituak zigortzeko denbora jada igaro da.
Reparazekin batera kondenatu dute Luis de Miguel abokatua, PPren ezkutuko finantzaketari dagokion Gurtel kasuan inputatua. 21 urteko espetxe zigorra bete beharko du De Miguelek, 1994az geroztik Reparazi dirua atzerrian ezkutatzen lagundu ziolakoan.
Gipuzkoako ogasunari iruzur egiteko, sozietate ezberdinak erabili zituzten akusatuek Panama, Belize, Irlanda, Erresuma Batua eta Espainian. Kartzela zigorretik aparte, Gipuzkoako Foru Aldundiari 25 milioi euro ordaindu beharko dizkio, eta atzerapen interesak gehitu. Era berean, beste 27 milioi euroko isuna ezarri dio, ogasun publikoaren aurkako hamabi delitu eta kapitalak zuritzeko delitu bat egotzita. De Miguel abokatuak, berriz, beste 19 milioi euroko isunak ordaintzera zigortu du Auzitegi Nazionalak. Epaia ez da irmoa, eta akusatuek helegitea jartzeko aukera dute Auzitegi Gorenean.
Auzian beste bi akusatu zeuden, eta biak errugabetu dituzte epaileek.
Gipuzkoako Aldundia, "tinko"
Gipuzkoako Aldundiaren iritziz, "garrantzitsuena" da kartzela zigorra gain, Reparazi 25 milioi euro bueltatzeko agindu diola epaitegiak, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiari 25 milioi euro itzuli beharko dizkiola.
"Aldundiak oso argi du diru hori berreskuratzeko eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela, eta tinko jardungo duela gipuzkoar guztiena den diru hori Ogasunera itzul dadin", adierazi du ohar baten bidez.
Diputazioak "sakon" aztertuko du epaia, eta azterketa egin ostean, beste balorazio sakonago bat egingo du, "egoki baderitzo".