Roig kontseilariak uste du Gamesak ez duela Altsasuko fabrika itxiko

Lantegiak irekita jarraitzeko «ahal duena» egingo duela agindu dio enpresa batzordeari

Erredakzioa
Iruñea
2010eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Gamesak Altsasuko fabrika itxiko ez duela espero du Jose Maria Roig Nafarroako Enpresa eta Lan kontseilariak. Sakanako lantegiko enpresa batzordeko ordezkariekin bildu zen atzo Roig, eta lantegiak irekita jarraitzeko «saio guztiak» egingo dituela agindu zien langileei.

«Itxiko balitz, eta ziur naiz ez dela halakorik gertatuko, -ni behintzat hala izan dadin saiatuko naiz-, legea bete egingo da, eta legeak dioen laguntzak kendu egingo dira», esan zuen Roigek, goizean, parlamentuko talde batzuek Gamesari laguntzak kentzea eskatu izanari erantzutean. «Ahal duguna egingo dugu Gamesak erabakia alda dezan, eta fabrikaren itxierari alternatibak bilatzeko», gehitu zuen.

Roigek ez zuen bere poza ezkutatu Nafarroako Parlamentuko talde guztiek eta sindikatu abertzaleek -ELAk eta LABek soilik dute ordezkaritza Gamesako Altsasuko fabrikan- erregulazio espedientea Iruñeko gobernuaren esku geratzea eskatu dutelako. «Kontseilaritzan duten konfiantzak harrotasunez betetzen nau», aldarrikatu zuen.

Nafarroa Baik, IUN-NEBek, ELAk eta LABek behin eta berriro salatu izan dute Nafarroako Gobernuak erregulazio espediente ia guztiak ontzat hartzen dituela, baita enpresaren eta langileen arteko akordiorik gabe aurkezten direnak ere. Aurtengo urtarrilean eta martxoan aurkeztu dizkioten ehun dosierretatik 98 onartu ditu Lan Kontseilaritzak -horietako bederatzi akordiorik gabe-, eta bakarra bota du atzera. Beste bat bertan behera utzi zuen enpresak berak.

Lan Ministerioaren esku

Gamesako kasua ere salbuespena izan daitekeela uste duteAltsasuko langileek, sindikatuek eta alderdi politikoek. Izan ere, Miguel Sanz presidenteak berak esan du ez duela begi onez ikusten.

Edonola, Roigek azaldu du Espainiako Lan Ministerioari dagokiola espedientea non aztertuko den erabakitzea. Gamesak hari aurkeztu dio, Altsasuko lantegiari ez ezik Espainian eta Galizian dituen beste lauri ere eragiten diela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.