SAGARDOA

Sagardoarentzat sor-marka propioa eratzeko urratsa egin dute

'Euskal Sagardoa' izendapena lortzeko eskaera erregistratu dute euskal sagardogileek Jaurlaritzan. "Merezi duen duintasuna" eman nahi diote produktuari. Sektoreko elkarte guztien babesa du egitasmoak.

Arantza Tapia sailburuarekin elkartu dira proiektuaren bultzatzaileak. BERRIA
Oihan Vitoria.
2016ko irailaren 5a
08:36
Entzun

Euskal sagardogileen urteetako eskaria izan da, eta, lauzpabost urteko borroka luze eta neketsuaren ostean, ofiziala da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten den sagardoarentzat sor-marka propioa sortzeko urrats erabakigarria egin dute sagardogileek. Euskal Sagardoa izendapena lortzeko eskaera bateratua erregistratu dute gaur Eusko Jaurlaritzan. Sektoreko elkarte guztiek metatu dituzte indarrak: Arabako sagar eta sagardogileen elkarteak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak, Sagardo Mahaia elkarteak, Sagar Uzta elkarteak, Bialka elkarteak eta Fruitel elkarteak.

Euskal Herriko historian erro sakonak dituen edaria da sagardoa, eta izendapena lorpen handia litzateke produktuari duintasuna emateko; besteak beste, bertako sagastien aldeko apustua indartuko lukeelako. Bi zutabe garrantzitsu ziurtatuko lituzke: jatorria eta kalitatea. Sagastiak aldatu, sagarrak hobeto ezagutu eta heldutasun puntu egokiak bilatzeko azterketak egin ondoren, harago jotzeko asmoa dute: "Zenbait urteren buruan, beharrezkoa den sagar guztia hemen sortzea da helburua". Bide horretan, Euskal Sagardoa sor-marka "ezinbesteko lanabesa" izango litzateke egitasmoaren bultzatzaileentzat.

Gehienez, sei hilabete

Sagardogile eta baserritarrak sagasti asko jartzen ari dira azken urteotan; alferrik galtzen ari diren lursail ugari daude, sagastiak jartzeko oso aproposak direnak. Horiek aprobetxatu nahi dituzte, kalitatean beste pauso bat eman nahian. Izendapenak, halaber, "marko bateratu bat" eratzea ahalbidetuko lieke elkarte eta administrazioen artean lan egiteko. Ekoizleek "lehenbailehen" merkaturatu nahi dituzte bereizgarri hori edukiko duten botilak.

Hasteko, baina, Arantza Tapia sailburuarekin batzartu dira proiektuaren sustatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari baitagokio eskaeraren lehen tramiteak egitea. Asko jota, sei hilabeteko epean jakinaraziko du jatorrizko izendapena sortzea onartzen duen edo ez. Ebazpena aldekoa balitz, bi hilabeteren buruan EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Nekazaritza Ministeriora joko luke Jaurlaritzak. Espainiako Aldizkari Ofizialean publikatu bezain pronto sartuko litzateke indarrean Euskal Sagardoa sor-marka. Gaur-gaurkoz, Asturiasko sagardoak baino ez dauka izendapen hori; EAEn Eusko Label bereizgarria dute bertako sagarrekin eta modu naturalean ekoitzitako sagardoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.