Eskela abuztuaren 25ean idatzi zioten, kontseilari ordezkari kargua utzi zuenean. Hil, ordea, atzo hil zen Steve Jobs, Appleren sortzaile eta burua, pankreako minbizi baten ondorioz. 56 urte zituen.
Ameslaria, iraultzailea, karismaduna, liderra, gurua, jenioa, aitzindaria, irudimentsua... izan ziren atzo gehien erabilitako adjektiboak. Appleren arima izan da. Garaje batean sortu zuen, eta gaur egun munduko teknologia enpresa garrantzitsuena da. Jobs Apple izan da, eta Apple Jobs.
Gailuek, igailuek, egin dituzte Apple eta Steve Jobs ezagun. Baina, asmatu, Applek ez du gailurik asmatu. Bazeuden ordenagailuak Applek Macintoshak, eMacak eta iMacak egin aurretik; MP3 erreproduzitzaileak duela hamar urte iPoda kaleratu aurretik; musika Internet bidez saltzeko dendak, iTunes sortu eta musikaren negozioa aldatu zuenean; telefono adimendunak edo smartphone-ak iPhonea merkaturatu zuenean; eta tabletak iPada aurkeztu zuenean.
Beraz, zein izan da Jobsen sekretua beste batzuek lehenago egin dutena arrakasta bihurtzeko? Garrantzitsuena, ziurrenik, erabilerraztasuna da. Teknologia erabilerrazagoa egin du. Teknologiari buruz asko jakin gabe, gailu eta aplikazio aurreratuenak erabili ahal izatea ahalbidetu du. Barruan konplexuak, kanpoan sinpleak. Gehienetan nahikoa da norberaren sena jarraitzea gailuak erabiltzeko: artxiboak karpetetara herrestan eraman, Interneten behatzarekin nabigatu... Horretarako gailuak, hardwarea, garrantzitsuak dira; baina baita tripak, softwarea, ere (MacOS eta iOS sistema eragileak). Gailuekin batera, esperientzia, emozioak, saldu ditu.
«Erabiltzailea ulertu du», laburbildu du Jabi Asurmendi Sainzek, Bitarlan informatika eta web zerbitzuetako enpresako arduradunak.
Diseinuaren garrantzia
Diseinua ere oso garrantzitsua da. Gailu erakargarriak egin ditu, xehetasun guztiak zainduta. Jobs perfekzionista eta zorrotza zen. Arrakastaren giltzarrietan ez da ahaztu behar marketina. Marketin merkea, baina eraginkorra. Ahalmen espiritualagoak ere lotu izan dizkiote Jobsi: jendeak etorkizunean nahiko duena urte batzuk lehenago asmatzea.
Jobsek Apple erreferentzia bihurtu du eta lehiakideak bere hotsera dantzan egitera behartu ditu. iPodak MP3 erreproduzitzaileen merkatuaren %70 du. iTunesen bidez 16.000 milioi kanta baino gehiago saldu ditu jada. 92 milioi iPhone eta 29 milioi iPad saldu ditu. Denak ez dira arrakastak izan. Jobsen porrot komertzialen artean daude Apple III, Lisa, Newton eta Cube ordenagailuak, eta Apple TV. iMac batzuen pantailen eta iPhonearen antena arazoak.
Jobsen bizitza film bat egiteko modukoa da: berez adoptatu behar ez zuen familia batek adoptatu zuen; hamabi urterekin Hewlett-Packardeko buruari gutun bat bidali zion bertan lan egin nahi zuela esanez, eta udako lan bat eman zioten; gurasoek aurrezki guztiak xahutu zituzten Jobsen unibertsitateko matrikulan, baina Jobsek sei hilabetean utzi zuen unibertsitatea; ikaskideen geletako lurrean lo egiten zuen; Coca Cola botilak biltzen zituen, janaria erosteko dirua lortzeko; Atarin lan egin zuen; Steve Wozniak ikaskide eta lagunarekin ordenagailu bat eta Apple konpainia sortu zituen, gurasoen garajean, 1976an; bi urtean aberatsak ziren; John Scullyk, Jobsek Pepsitik kontratatutako kontseilari ordezkariak, Jobs Appletik bidali zuen 1985ean; Applek galerak izan zituen; Appletik kanpo NeXT (iMacen oinarria) eta Pixar (ordenagailu bidez filmak egiteko estudio aitzindaria) sortu zituen; eta Jobs 1996an bueltatu zen Applera. Orduan etorri zen arrakasta.
Eta minbizia. 2004an pankreako minbizia aurkitu zioten. Jobsek ez zekien zer zen pankrea. Medikuaren esanetan, sei hilabete gehiago baino ez zen biziko. Eta horrek bere bizimodua aldatu zion. Erabaki potoloak hartzeko beldurra galarazi zion: «Heriotzaren atarian desagertu egiten baitira lotsari eta porrotari beldurra. Benetan garrantzitsua dena baino ez da geratzen». 2009an gibela transplantatu zioten.
Euskararik ez
Atzo loreak baino ez zizkioten eskaini. Oso gutxi izan ziren haren ifrentzua aipatu zutenak. Appleren unibertsoaren itxitasuna eta bertikaltasuna, esaterako. Horren adierazgarri da euskararekin 2003an gertatua. Joxe Rojasek eta bi laguntzailek MacOSX sistema operatiboa euskaratu zuten. Applek artxiboak banatzea debekatu zien.
Apple bere arrakastaren biktima izan da neurri batean.Garai batean konpainia alternatiboa zen, Bill Gates eta Microsoft ahalguztidunen alternatiba eleganteagoa, erabilerrazagoa, sinpatikoagoa eta garestiagoa. Joera nagusietatik bereizteko aukeretako bat. Gaur egun Apple bihurtu da ahalguztiduna.
«Appleren egun distiratsuenak eta berritzaileenak etortzeko daude», esan zuen Jobsek abuztuaren 25ean, azken agerraldian. Tim Cook kontseilari ordezkari berriari eta bere taldeari kostako zaie.
Teknologia. Steve Jobsen heriotza
Sagarraren bihotza hil da
Pankreako minbizi batek eraman du Steve Jobs, Appleren sortzailea eta arrakastaren giltzarria. Azkeneko hamarkadan teknologiaren mundua eraldatu du, Appleren gailuak eta haien erabilerraztasuna erreferentzia bihurtuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu