Appleren iOS eta Googleren Android teknologien aurka lehiatzeko «akordio estrategiko zabala» iragarri berri dute Nokiak eta Microsoftek. Aurrerantzean, Nokiak fabrikatuko ditu smarthphone edo adimendun telefonoak, eta Microsoftek jarriko du Windows Phone 7 sistema eragilea. Sakelakoetarako aplikazioak ere elkarrekin garatuko dituzte bi konpainiek, Appleren App Storerekin eta Googleren Android Marketekin lehiatzeko.
Hala ere, Nokiak ez du erabat baztertuko Symbian sistema eragilea, akordioak ez duelako horretara behartzen. Eta iragarri duteknologia hori darabilten 150 milioi sakelako saltzea espero duela datozen urteetan. Intelekin garatzen ari zen MeeGo teknologiari egingo dio kalterik handiena hitzarmenak; oraingoz, baztertzea erabaki baitute.
Akordioarekin, sakelakoen sektoreko berrikuntzaren buruan jarri nahi du Nokiak, 2007an Applek iPhonea merkaturatu zuenetik ezinean baitabil. Sakelako arrunten merkatuan lehena da konpainia finlandiarra, baina gama altukoetan merkatu kuota galdu du azken urteetan. Analisten iritziko, Microsoftekin hitzarmena egitea, porrota onartzea izan da Nokiarentzat, duela urte batzuk pentsaezina zelako horrelakorik ikustea.
Eta hori ez diote lehiakideek bakarrik. Orain egun batzuk, enpresaren egoera sutan dagoen petrolio plataforma batekin alderatu zuen Stephen Elop Nokiako kontseilari ordezkari berriak langileei helarazitako txosten batean. Applek iPhonea merkaturatu zuenean, Nokiak ez zuela erantzuten jakin zioen txosten hartan, eta, aurrera egingo badu, jarrera aldatzea ezinbestekoa duela. «Ekosistemen arteko gerra bat da. Ez dute kontatzen telefonoak eta sistema eragileak bakarrik; aplikazioak, merkataritza digitala eta gainontzekoak garatzea behar-beharrezkoa da. Eta ekosistemari dagokionez, gure lehiakideek guk baino merkatu kuota handiagoa dute».
Azken egunotan, Nokiak igoerak izan ditu burtsan, akordioa etor zitekeen zurrumurruek bultzatuta. Atzo, baina, akordioa egin zutela baieztatu ostean, konpainia finlandiarraren akzioek balioa galdu zuten.
Sakelakoetan bat egitea adostu dute Nokiak eta Microsoftek
Googleren Android eta Appleren iOS teknologien aurka lehiatzea ahalbidetuko die hitzarmenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu