Gasteizko Salburua auzokoko gizarte-etxea eraikitzen ari diren langile batzuk esklabo egoeran zeudela salatu zuen ELA sindikatuak, orain dela bi aste. Lan eta bizibaldintza gogorren kontakizunak oihartzun handia izan du, eta horren ondoren gauzak mugitzen hasi dira. Gaur bertan ELAko ordezkariak, eraikuntzaren esleipena duten enpresen batasuneko arduradunak, eta Gasteizko Udala bilduta egon dira Lan Harremanen Kontseiluko Preco organoan. Bilerara proposamen bat eraman du sindikatuak, eta, hori oinarri hartuta, heldu den asterako akordio bat sinatzea espero dute.
"Bitxia da, baina eskatzen ari garen bakarra da legea betetzea, alegia, lan itunak errespetatzea", azaldu du Roberto Salgado ELAko Eraikuntza alorreko arduradunak. Lehiaketa irabazi zuten bi enpresak, VIASek eta Construcciones Opakuak, hori egiten dutela zehaztu dute, baina azpikontraten egoera ezin dutela guztiz bermatu ziurtatu dute. Puntu ilunetako bat soldatari dagokio. Langileek sinatutako paperak erabili dira ziurtagiri gisa, eta sindikatuak finantza erakundeen ziurtagiria duten agiriak nahi ditu. Horrek talka egingo luke datuen babeserako legearekin, ordea. Hiru hilabeteko lanaren truke 1.000 euro baino gutxiago kobratzen aritu dira, ELAren arabera.
Hala ere, salaketa egin zenetik gauza batzuk aldatu dira. Lan jardunaldi luzeak — egunero 11 ordukoak — amaitu dira honezkero. Segurtasun neurriak zorroztea ere eskatu die sindikatuak enpresei, horrekin batera.
Salgadoren ustez, komenigarria litzateke Gasteizko Udalak ere enpresen eta sindikatuaren arteko akordioa sinatzea, baina ez duela egingo uste du. "Gaur bilerara tekniko bat bidali dute, ia gonbidatu hutsa izan da, ez du parte-hartu. Eurek esaten dute euren ardura bakarra dela esleipen baldintzak betetzen direla egiaztatzea, ezer gehiagorik ez".
Ikuskaritzaren bisitarik ez
Salaketa publikoa joan den maiatzaren 29an egin zuen ELA sindikatuak. Ondoren, oihartzun handia izan du hirian, eta ikerketa zabaltzeko asmoa agertu zuen fiskaltzak. Hala ere, oihartzunak oihartzun, atzo arte Lan Ikuskaritza ez zela obretatik pasatu ohartarazi du ELAk. Gauza larria iruditzen zaie. Izan ere, salatutako lan baldintza eskasak pairatzen zituzten langileetako batzuen lana — eraikinaren enkofratzea — gaur eta bihar artean amaituko da. "Ondoren oso zaila izango da salatu duguna frogatzea", nabarmendu du Salgadok.