Finantza ekaitzaren erdian, arnasaldi txiki bat hartzeko parada izan du Espainiak, zorraren salmenta esperotako emaitza baikorrenetik hurbil gelditu delako. Espainiako Altxorraren helburua zen 2.500 milioi eta 3.500 milioi euro artean biltzea; 3.300 milioi lortu ditu, hiru urterako eta lau urterako bonoen salmentekin. Interes tasak, baina, 2008tik ordaindutako altuenak izan dira. Espainiako agintariak pozik agertu dira, eta nabarmendu dute zorra erosteko eskariak eskaintza bikoiztu duela.
Eskari hori, hain zuzen, 7.384 milioi eurokoa izan da. Hiru urterako bonotan 2.100 milioi euro saltzea lortu du Espainiako Altxorrak, eta lau urterakoetan 1.100 milioi. Lehenbiziko enkantean, %4,9ko interes tasekin saldu ditu bonoak. Iragan uztaileko enkantetik, Altxorrari zortzi hamarren garestiago atera zaio operazioa. Halako interes tasa altuak duela hiru urte ordaindu zituen azkenekoz, %4,96an. Igoera horren arrazoia da bigarren merkatuan Espainiako zorrak jasan duen presioa. Zorra jaulki ondotik, bigarren merkatuan eragile pribatuek eskuratutako bonoak elkartrukatzen dituzte. Bertan finkatzen dute arrisku hobaria, eta Espainia ez dute zordun fidagarritzat inbertsore gehienek, beraz, horien konfiantza eskuratzeko interes tasa altuak ezartzekobeharra du. Hala ere, arrisku hobariaren gorakadak herenegun iragarritako aurrikuspen ezkorra ez da bete, eta interes tasa ez da %5eraino ailegatu.
Jaulkipena lau urterako zorren enkantearekin osatu du Espainiak. %5,05eko interes tasarekin saldu ditu bonoak. Lau urterako bonoen jaulkipena ez-ohikoa da Espainian. 2015 hasieran iraungiko dira, eta estatuaren likidezia falta arintzeko helburua dute.
Operazio hori izanen da Espainiak abuztuan eginen duen epe luzerako zorraren azken salmenta. «Urtero hileroko hirugarren ortzegunean zorraren jaulkipen bat egiten dugu, abuztuan barne. Baina azken hori ez dugu eginen aurten, eskari falta dela eta», azaldu du Ekonomia Ministerioko bozeramaile batek. Erabaki hori zorraren merkatuen tentsioen ondorioz hartu dutela ukatu du. Hurrengo enkantea irailaren 1ean zianen da, eta bortz urterako bonoak salduko dituzte.
Abuztuko operazioarekin, urte guztirako esperotako epe luzerako jaulkipenen %60 bete ditu Espainiak. Italiako Unicredit banku konpainiaren arabera, EB Europako Batasuneko batez bertzekoaren eta Italiaren azpitik dago kopuru hori. Lehenbizikoa %67koa da, eta Italiak epe luzerako jaulkipenen %64 saldu du dagoeneko. Hala ere, Italiak gutxi-gora-behera Espainiako zorraren bikoitza du saltzeko. 80.000 milioi euro da Madrilek urte bukaera baino lehen jaulki nahi duen kopurua. Denera, urte hasieratik 115.710 milioi euro saldu ditu, epe motzerako eta luzerako bonoekin. Epe motzerako bonoak hainbat hilabetetarako izaten dira, eta luzerakoak, berriz, urteetarako.
Zorra jaulkitzeko operazio horiekin likidezia berreskuratuko du estatuak. Xedea hori baita, epe motzerako larrialdia arintzea, eguneroko funtzionamenduari eusteko. Baina epe luzera, geroz eta diru gehiago joanen zaio interesak ordaintzeko. Aurtengo lehenbiziko hiruhilekoan, adibidez, Espainiako Gobernuak 6.000 milioi euro ordaindu zituen soilik interesetan, faktura %28 haziz.
Baikortasuna Gobernuan
Espainiako Gobernua, ordea, pozik agertu zen atzoko emaitzarekin. «Eskariak amaieran jaulki den kopurua bikoiztu baino gehiago egitea hagitz seinale ona da, kontuan hartuz abuztuan gaudela, eta merkatuen ezegonkortasuna zenbaterainokoa den», adierazi du Ekonomia ministro Elena Salgadok. «Inbertsoreek ez dute ezegonkortasuna gustoko», erran du Salgadok; horregatik, nabarmendu du azken enkanteko eskariaren «%60 baino gehiago» atzerriko erakundeek egin dutela. Horrek erakusten du Espainiako zorra ongi baloratzen dutela merkatuek, ministroaren ustez.
Hiru urterako bonoen interes tasari dagokionez (%4,9), Salgadok garrantzia kendu nahi izan dio igoerari. Horren aitzinean, alde batetik erran du zirkulazioan dagoen estatuko zorraren bataz bertzeko interesa %3,9koa dela, 2009ko gutxiengo historikotik hurbil (%3,5). Bertzalde, Espainiak euroguneko interes tasa «baxuenetakoa» duela erran du, hortaz, «zorraren maila txikia» duela barne produktu gordinarekin alderatuz gero. «Geure zorraren iraupena luzea da, eta horrek egonkortasuna eta konfiantza ahalbidetzen du». Salgadok iragarri du hilaren 19an Ministroen kontseilua eginen dutela, defizita murrizteko eta enplegua sustatzeko neurriak hartzeko.
Saldu bai, baina garesti
Altxorrak 3.300 milioi euro lortu ditu zorraren jaulkipenetan, baina interes tasa altuak ordainduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu