Euskal Herriko merkataritza gune handiena izateko sonarekin zabaldu zuten Boulevard joan den urteko azaroaren 3an, Gasteizko Zaramaga auzoan. 80.000 metro koadro dituen erraldoia egiteko, guztira, 180 milioi euroko inbertsioa egin zuten. Gainerako saltoki gune handiekin alderatuta, bazuen berezitasunik: Gasteizko ia ehun merkatarik osaturiko Inalcok parte-hartze esanguratsua zuen akzioetan.
Boulevard eraikitzea errazteko Gasteizko Udalak hartutako neurri guztiak horretan oinarritu ziren. Hots, herrialdean kokatzen ari ziren saltoki handien aurrean (Gorbeia Etxabarri-Ibiñan, esaterako) hiriko saltzaileei aukera bat eskaintzea zuen helburu proiektuak.
30 eta 40 milioi euro arteko irabaziak akziodunentzat
Baina zabaldu eta hiru hilabetera, Boulevardeko jabeek saltzea erabaki dute. Hedabideek publiko egin duten operazioak esamesak eta polemikak piztu ditu. Salmenta 150 milioi euro ingurutan hitzartuta dago, eta Boulevardeko hiru akziodun nagusien artean 30 eta 40 milioi euro arteko irabaziak banatuko dituzte.
Gaur egun hiru dira Boulevardeko jabeak. Akziodun nagusia Eroski da (%35,7); ING Real State taldeak hasiera batean Promodeicok zuen %34,3 bere egin zuen. Hirugarren partea, berriz, Inalcon elkarturiko hiriko merkatariei dagokie (%30). Hala ere, dirua batzeko zailtasunak zituztenez kopuru horren heren bat Vital Kutxak finantzatu zien.
Salmenta ez da udaberrira arte gauzatuko. Eroslea ING Herbehereetako taldearen barruan dagoen inbertsio funts eta higiezinen aktiboak darabilen erakunde bat da: ING Investment Management. Eroskik hipermerkatua eta gasolina zerbitzugunea kudeatzen jarraituko du.
Inork ez du auzitan jarri salmenta legezkoa denik. Hala eta guztiz ere, Gasteizko Udalak prozesu guztian izan duen jokabidea argitu nahi du oposizioak. Izan ere, ibilera luzea izan du zentroak eta Udalaren esku-hartzea nahitaezkoa izan da. Salmentak hasiera batean Boulevardek zuen espirituari iruzur egin dion ala ez aztertu nahi du oposizioak. Hala, EAJ, PSE-EE, EB eta EAren botoei esker, ikerketa batzorde berezia sortu dute. PP aurka dago, eta ez dagoela zer ikertu argudiatu du. Marian Gutierrez sozialista izango da batzordeburua.
Sidenorreko orube hura
Afera kokatzeko 1998ra jo behar da. Jose Angel Cuerda artean alkate zela itun bat lortu zuen Sidenor enpresarekin. Faktoriak Zaramagan zuen 133.000 metro koadroko orubearen truke 16,23 milioi euro eskaini zizkion Cuerdak. Etorkizunean salduz gero, irabaziak Sidenorrekin erdibana banatuko ziren. Operazio horretatik ia hiru milioi euro aurreratu zituen Gasteizko Udalak.
Baina Cuerdak ez zuen merkataritza gune izateko bideratu nahi orube hori. Haren ustez, hiriko bizitzaren «harrapariak» baitira, eta alkate izan zen hogei urteetan Gasteizko ateak itxi zizkien. 1999an gauzak aldatu ziren: PPk hauteskundeak irabazi zituen eta Alfonso Alonsok bestelako asmoak zituen. Hala, Eroski eta hiriko merkatarien arteko akordioa bultzatu zuen.Testuinguru horretan lehengo ituna bertan behera utzi zuen Udalak. Orubea Sidenorri itzuli eta 2000ko abuztuan beste hitzarmen bat sinatu zen. Boulevardeko sustatzaileek 42,67 milioi euro ordaindu zituzten: 25,24 Sidenorri eta 17,43 Udalari, sarbideak egiteko. Udalak orubea itzuli egin behar izan zion Sidenorri, ezin duelako orube bat nahierara banatu, lehiaketa publiko bat deitu gabe.Itun horrek udalbatzaren babesa izan zuen. Soilik Euskal Herritarrok taldeak bozkatu zuen aurka. Operazioa errazteko aitzakia nagusia Inalcoren presentzia zen. Hots, bertako merkatariei parte-hartzeko bide ematea proiektu handi batean.Baina salmenta gauzatzen bada parte-hartze hori bertan behera geratuko da. Saltokiak izan izango dituzte merkatariek, baina ez dira akziodun izango.
Interes orokorra, zalantzan
Oposizioaren ustez, iluna izan da Udalaren jokabidea. «Interes orokorra edo gutxi batzuen irabaziak defendatu diren argitzea dago jokoan», nabarmendu du Juan Carlos Alonso PSEko zinegotziak. Izan ere, salmentak utziko dituen irabazietatik deus ez da joango hiriko diru kutxara. «Dirua galdu ere egin dugu. Sustatzaileek emandako 17,43 milioi euro horiez gain, beste 7,2 milioi gastatu ditugu sarbideak egiteko. Hots, defizita dago», salatu du Alonsok. Horrez gain, lehiaketa publikoaren bidez diru gehiago lor zitekeela uste du hainbatek.
PPk, aldiz, «zirku» bila aritzea egotzi dio oposizioari. «Guk ezin dugu esku hartu bi enpresa pribaturen arteko salerosketa batean. Ogia erosten dugun okindegia salduko balute bezala da», azaldu du Javier Maroto Ogasun zinegotziak.Ez dator bat EAJko bozeramaile Mikel Martinez. «Baten batek ukatzen badu Udalaren parte-hartzea Boulevarden eraikuntzan errealitatetik kanpo dago». Haratago doa Jose Navas EBko zinegotzia: «Pelotazo pribatu honetan Udalak zerikusia izan du». EAko zinegotzi bakarrak, Antxon Belakortuk, baterazintasuna aztertu beharko du, Inalcoko merkataria baita.
Salmenta susmopean
Boulevard merkataritza guneko salerosketaren nondik norakoak ikertuko ditu Gasteizko Udaleko batzorde batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu