Salmentak handitu arren, %2,3 gutxiago irabazi du Iberdrolak 2011n

Mozkinak %2 handitu ditu Gamesak, baina burtsan %12,6 jaitsi da, aurtengo iragarpenak jaitsi dituelako

Iker Aranburu.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
2011. urteari ongi eutsi diote Euskal Herriko multinazional handienetako bik, Iberdrolak eta Gamesak. Lehenengoak, 2.805 milioi euro irabazi zituen, 2010ean baino %2,3 gutxiago; bigarrenak, berriz, %2 igo zituen irabaziak, 51 milioiraino. Batek zein besteak, ordea, salmentak handitzea lortu dute. Gamesako akzioa, ordea, ia %13 jaitsi da, salmenta aurreikuspenak apaldu behar izan dituelako.

2011 «urte nahasia» izan da Iberdrolarentzat, atzo konpainiak CNMVra igorritako agiriak dioenez. Krisiaren eraginez argindar eskaria gutxitu egin dela dio, araudiak aldatu direla eta zergak igo dizkiotela. Hala ere, diru sarrerak %4 igo zaizkio—31.468 milioi euroraino—, eta Ebitdak —irabaziak zergak eta interesak kontuan hartu gabe—%1,6 handitzeak erakusten du arazo horiek ez diotela errentagarritasunari kalte handirik egin. Irabazien jaitsiera, hortaz,2010ean baino ezohiko irabazi txikiagoak izateari eta hainbat inbertsiotan izan ditzakeen galerak estali izanari zor dizkio Bilboko konpainiak.

ACS akziodun nagusiari—%18,546— aurre egitearren Ignacio Sanchez Galan presidenteak Iberdrolara gonbidatutako Qatarko funts subiranoa akzioak pilatzen aritu da. Tituluen %6,15ekin sartu zen martxoan, eta %8,448rekin bukatu zuen urtea. Akziodunen artean bigarrena da, Kutxabank (%5,403) eta BFA-Bancaja (%5,272) historikoen aurretik. Akziodun handiek tituluen %77 dituzte, eta %23 txikiek.

Gamesa, Asiara begira

Iberdrola da, hain zuzen ere, Gamesako akziodun nagusia (%19,6), eta haren bezero handienetako bat. 2010ean galdutakoaren zati bat berreskuratzeko gai izan da. 51 milioi euro irabazi ditu (+%2), neurri handi batean berriro ere gora egin dutelako haize erroten salmentek: 2,8 gigawatten baliokideak saldu ditu,%16 gehiago. Negozioaren zatirik handiena Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanporadu Gamesak, hamar haize errotatik bederatzi baino gehiago saltzen dituelako han. Iaz Txina izan zen bezerorik onena (salmenten %23), baina gertu du Indiaere (%19), han salmentak 2,5 biderkatzeko gai izan delako. AEBetan, ordea, salmentak ia erdira jaitsi dira. Uneotan 1,6 gigawatteko eskaerak ditu Gamesak, duela urtebete baino %13 gehiago.

Burtsan, ordea, sufritzen ari da Gamesa. Iaz balioaren ia %44 galdu zuen, Ibex 35eko beste guztiek baino gehiago. Atzo beste %12,67 utzi zuten akzioek, konpainiak aitortu baitu aurretik uste zuen baino gutxiago salduko duela. Europako eta AEBetako zorpetzeak laster parke eoliko gutxiago jartzea ekarriko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.