Legea betetzeko konpromisoa agertzea, ingeniari edo arkitekto batek egindako obraren bisa aurkeztea eta udal zergak ordaindu izana. Hiru baldintza horiek betetzen dituztenek hurrengo egunean bertan ireki ahal izango dute saltokia. Espainiako Ministro Kontseiluak baimen lasterra izeneko egitasmoa arautu du errege dekretu bidez. Gaur egungo udal lizentzien sistema ezabatzea dakar horrek, «ekintzaileek denbora eta dirua aurreztu ahal izateko».
300 metro baino txikiagoko saltokia ireki nahi dutenei eragiten die dekretuak. Hasiera batean, enpresa eta kate handiei baimen lasterrerako aukerarik ez ematea zen asmoa, baina, azkenean, haiek ere ez dute udal lizentziarik beharko. Dagoeneko tramiteak hasita dituztenek ere ez dute zain egon beharrik izango. Aitzitik, dekretu berriak ez du balioko ostalaritza enpresentzat, gai arriskutsuekin aritzen direnentzat, ondare historiko edo artistikoan eragina dutenentzat eta zerbitzu publikoko ondasunen erabilera eragiten dutenentzat.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi duenez, orain negozio batzuek urte eta erdi ere behar izaten zuten irekitzeko baimena lortzeko, eta tarte horretan alokairua ordaindu behar izaten zuen enpresaburuak. Administrazio bakoitzaren arintasunak baldintzatzen zuen denbora tartea; aurrerantzean, berriz, enpresaburuaren esku egongo da tramiteen bizkortasuna.
Santamariaren arabera, krisi garaietan, administrazioek «alfonbra gorria» jarri behar liekete ekintzaileei, eta ez negozioak martxan jartzeko oztopoak ipini. «Neurriaren bidez, administrazioaren kultura aldatu nahi dugu, merkataritza liberalizatu, burokrazia amaiarazi, prozedurak sinplifikatu, tramiteak bizkortu eta ekintzaileak bultzatu». Txikizkako merkataritzak %5eko ekarpena egiten diola BPGari zehaztu du, eta 1,8 milioi pertsonari ematen diela lana. «Baina, zoritxarrez, negozioak irekitzeko oztopo gehien jartzen dituzten herrialdeen zerrendan45. postuan gaude».
Saltoki bat irekitzeko ez da udal lizentziarik beharko
Legea beteko dela esan, bisa aurkeztu eta zergak ordainduz gero, hurrengo egunean ireki ahal izango da denda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu