Saltokiek deskontuak egin ahal izango dituzte hilaren 28tik merkealdia hasi arte

Euskaldendak elkarteak Jaurlaritzari eskatu dio merkealdia uztailaren 1a baino lehen hasteko; hark ezezkoa eman dio

Jaiegunetan saltokiak irekitzearen aurka, atzo, Bilbon. M. RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Euskaldendak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dendarien konfederazioko saltokiek deskontuak eta prezio bereziak eskaini ahal izango dituzte hilaren 28tik uztailaren 1era arte; hau da, udako merkealdia hasi arte. Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Euskaldendetako ordezkariekin bildu ostean. Dendariek merkealdia uztailaren 1etik hilaren 28ra aurreratzeko eskatu zioten atzo Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeari, baina, oraingoz merkealdiak arautzen dituen dekretua aldatzea baztertu ondoren, beherapenen aukera jarri du mahai gainean.

Dekretua aldatzeak eta berria onartzeak hiru hilabete baino gehiago eman ditzakeela azaldu dute Jaurlaritzatik; hala ere, hurrengo merkealdiari begira negoziatzeko prest agertu da Zorrilla. Hori bai, sektoreko eragile guztiek parte hartzea beharrezkotzat jo du elkarrizketa horiek hasi ahal izateko.

Euskaldendak konfederazioak haren eskarian argudiatu zuen uztailaren 1a igandea izanda, jendea oporretara joango zela merkealdi sasoia hasi aurretik, eta,gainera, aurreratzeak lehiakortasuna hobetuko lukeela iritzi dio. 6.000 bazkide daude guztira Euskaldendetan —gehienak Bizkai eta Gipuzkoakoak—.

Sinadurak, jaiegunen aurka

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 51.000 sinadura aurkeztu zituzten atzo goizean jaiegunetan saltokiak irekitzearen aurka, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Sinadura horien bitartez, Jaurlaritzari eskatu diote jaiegunetan eta igandeetan saltokiak irekitzea debekatzeko, «jada eskasak diren lan baldintzei eutsi ahal izateko».

Sindikatuek ohartarazi dute egun indarrean dagoen legediaren ondorioz denda asko itxi egin beharko direla. Horregatik, «kate handiek inposatu nahi duten kontsumo neurrigabeari» aurre egiteko dei egindiote Jaurlaritzari.

Euskaldenden proposamenaren inguruan ere mintzatu dira, eta «zilegitzat» jo dute, dendentzat eta, beraz, langileentzat «ona» izango litzatekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.