Samarasen bazkideak oraingoz ez daude prest murrizketa plana onartzeko

Troikako ordezkariak datorren astean joango dira Atenasera, Greziako Gobernuaren plana aztertzera

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Greziako Gobernuak murrizketak hitzartu ezinik jarraitzen du. Portugalgoak onartu zituen, baina herrialdeko patronalak «helburu errealistak» eskatu dizkio troikari. Euroguneko zorraren krisiaren konponbide instituzionala gero eta korapilatsuagoa da.

Antonis Samaras Greziako lehen ministroak ND Nea Dimokratiako alderdikideei atzo ohartarazi zien euroa utzi beharko dutela 11.600 milioi euroko murrizketa plana onartzen ez badute. Langile publikoei soldatak jaitsita eta pentsioak txikituta aurreztu nahi du diru gehiena.

Samarasek ez du lortu gobernuko bazkideek —Pasokek eta Ezker Demokratikoak— plana onartzea. NDren barruan ere hainbat ordezkari daude kontra. Ekathimerini egunkariaren esanetan, murrizketak espero baino gogorragoak dira.

Samarasek atzo alderdikideei agindu zien «azkeneko murrizketak» izango direla. Troikako ordezkariak datorren astearen bukaeran joango dira Atenasera. Murrizketak onartzen ez baditu, nekez jasoko du erreskatearen hurrengo zatia.

Portugalen zerga bilketa iazkoa baino %3,5 apalagoa izan da aurtengo lehen zazpi hilabeteetan. Eta defizit publikoa barne produktu gordinaren %4,5era jaitsi behar du aurten. «Troikak irudimen handia beharko du», Antonio Saraiva patronaleko buruaren iritziz. Saraiva troikako ordezkariekin bildu zen atzo, eta «helburu errealistak» eskatu zizkien. Troika Portugalen dago, erreskatearen hurrengo zatia (4.300 milioi euro) ordaintzeko baldintzak bete dituen edo ez ikusteko.

Portugalek neurriak hartzen jarraitzen du: EDP eta REN argindar konpainiak saldu ditu, eta ANA aireportuen kudeatzailea eta TAP aire konpainia saltzea onartu du.

Badaezpada, batzuk B planak prestatzen ari dira. Alemaniak talde bat dauka Greziak euroa uzteak eragingo lituzkeen ondorioak aztertzeko. Nabaritzen ari da esportazioetan: urteko lehen erdian %14,3 gutxiago esportatu du Portugalera, %9,4 Espainiara, %9,2 Greziara eta %8,2 Italiara.

Austriakoak azterketa bat egin du: arazoak dauzkaten herrialdeek —Espainia eta Italia barne— euroa utziz gero, Austriaren BPGa %11 uzkurtuko litzateke lehen urtean eta ez luke hazkunderik izango bost urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.