'CAN auzia'

Sanz, Goñi eta Barcinaren aurkako salaketa jarri du Kontuz-ek Nafarroako Kutxako auziagatik

UPNk dena ukatu du, eta Kontuz-en aurkako salaketa jarriko duela iragarri du. Kontuz-ek bi salaketa egin ditu: Nafarroako Kutxan egindako kudeaketagatik aurkeztu dute Miguel Sanz presidente ohiaren eta Enrique Goñi kutxako zuzendari ohiaren aurkakoa; eta Iruñeko alkate zela pribilegiozko informazioa bere mesedetan erabiltzeagatik Barcinaren aurkakoa.

Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 18a
21:30
Entzun

Gaur goizean jarri dituzte bi salaketak Kontuz taldeko kideek. Nafarroako Auzitegian aurkeztu dute Sanz eta Goñiren aurkakoa, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko fiskalari aurkeztu diote bigarrena. Datu sorta eskaini dute beren salaketa oinarritzeko, baina aztertu egin beharko dute orain Kontuz-ek eskainitako datuekin, delitu zantzurik baden.

Patxi Zamora eta Pablo Ibañezek eman dituzte azalpenak, eta esan dutenez, besteak beste, “justifikatzeko zail diren lur erosketak” egin izana aipatzen ditu salaketak, kutxako kontuak puztu izana, dietekin izandako opakotasuna, baliabide publikoak xahutu izana, eta baita zenbait enpresarekiko faborezko tratuak egin izana ere.

Nafarroan erabakitzeko beharra

Iruñeko Alkate zenean, pribilejiozko informazioa jaso, eta bere mesedetan erabili izana egotzi diote Yolanda Barcina egungo Nafarroako lehendakariari. Barcina foruduna da egun, ordea, eta horregatik aurkeztu dute salaketa Nafarroako fiskaltzaren aurrean. Bere posizioagatik lehendakaria Madrilen epai ez dezaten.

Kontuz-en ustez Nafarroan argitzekoak baitira Nafarroako Kutxan gertatutakoak. “CANen gertatutakoak hemen hasi ziren, eta hemengo jendea da kaltetutakoa, eta hemen egin behar litzateke gertakariak argitzeko lana”.

"Nafarroako Ktuxa ez da enpresa pribatua"

Europako hirietara Nafarroako Gobernuko kideek egindako helikoptero bidaiak ere nabarmendu ditu Kontuz-ek prentsaurrekoan. Zenbait bezeorekin egiten zituzten halako bidaiak CANeko arduradunek. Ordezkari publikoek ere parte hartu zuten halakoetan, salatu dutenez.

“Agian hori normala izango da enpresa pribatuetan, baina Nafarroako Kutxa ez da enpresa pribatu bat, eta guztion diruarekin ordaindu dituzte bidaia horiek”, Ibañez abokatuak gogorarazi duenez.

"UPNren eta PSNren oztopoak"

Gardentasuna eta ardurak eskatu ditu Kontuz-ek, eta hori lortzeko UPNk eta PSNk jartzen dituen oztopoak salatu ditu. Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, “CAN afera, batzuk nahi duten bezala, haizeak eraman ez dezan”.

Txosten osoa hurrengo egunetan emango dute argitara. Fiskalak Kontuzek egindako salaketan delitu zantzurik aurkituko ez balu ere, ikerketa bat abiatzeko nahiko material badagoela uste dute salaketa egin dutenek. “Amaitu egin behar da izkutukeria honekin, higiene demokratikoagatik”.

UPNk dena ukatu du

UPNk ukatu egin du salaketa. Esan du "faltsua" dela, ezker abertzalearen estrategiaren barruan dagoela kokatuta, eta auzia epaitegietara eramango duela iragarri du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.