Sarkozyren neurritasun politika gaitzetsi dute 1.800 lagunek, Baionako kaleetan

Sindikatuek espero zuten baino jarraipen ahulagoa ukan du finkaturiko greba mugimenduak

Sektore pribatuko eta publikoko langileak ikusten ziren, besteak beste, Baionako manifestazioan, atzo. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak adostu neurritasun politika gaitzesteko eguna zuten atzo Ipar Euskal Herrian eta Frantziako hainbat hiritan. «Dagoen dirua langileen artean banatu beharrean bankuen eta enpresa handien kutxak betetzeko erabilia izatea» ezin onartuzkotzat daukatelako ziren mobilizaturik CGT, FSU, Solidaires eta UNSA sindikatuak. 1.800 lagun elkartu ziren Baionako Lan Burtsaren aitzinean, intersindikalaren deiarekin bat eginez.

«Aberastasunaren beste banaketa bat» exijitzeko eta lortzeko, mobilizazioaren behar gorria azpimarratu zuen Alain Duzert CGTko idazkari nagusiak, manifestazioaren bukaeran. «Ez dugu amets egin behar, behar duguna ez digute oparituko, borroka kolektiboaren bidez dugu lortuko», Duzerten hitzetan.

«Ontsa funtzionatzen duen ekonomia bat lortzeko, aberastasunak banatu behar dira, eta soldatak baita erretretak ere emendatu behar dituzte», Duzertek azaldu zuenez. «Enplegua, soldatak, erretreta, lan baldintzak, hobekuntza soziala, zerbitzu publikoak» mezua zekarren banderaren gibelean, sektore publikoaz gain, pribatua ere mobilizaturik zen.

Uste baino jarraipen ahulagoa

Sindikatuek espero zuten baino jarraipen ahulagoa izan zuen, haatik, grebarako deiak. Erran behar da usaian baino eragile gutxiagok zutela deiarekin bat egiten. Hala nola CFDTk eta LABk ez zuten protestara deitua. Hori kontuan harturik, «behar bezalakoa» izan zen atzoko mobilizazioaren jarraipena, FSUren ustez; «etsigarria», haatik, CGTren arabera.

Hala eta guztiz ere, hainbat enpresatako langile ziren manifestazioan. Besteak beste, Tarnoseko Turbomeca, Miarritzeko Dassault eta Hendaiako Bonnet Neve enpresetako langileak. Sektore publikoari dagokionez, izan SNCFko tren gidatzaileak, ospitaleko erizainak, La Posteko postariak eta lurralde kolektibitateetako langileak, funtzionarioak ere atera ziren karrikara protesta egitera.

Garraioei begiratuz, Miarritzeko aireportuan eta Baionako eta Hendaiako tren geltokietan ziren grebaren ondorioak gehien sentitu.

Agorrilaren 24an plazaratuzuen Frantziako Gobernuak neurritasun politika berria. Heldu den urtean 11 miliar euroko gastu gutxitzea lortzeko asmoz, hainbat neurri aurkeztu zituen François Fillon Frantziako lehen ministroak.

Jarrera aldatzeko ordua

«Mugimendu azkar bat prestatzeko borroken bateratzea beharrezkoa dela» dio Oldartu kolektiboak, eta mezu hori plazaratu zuen atzo. «Jarrera aldatzeko ordua» dela erranez, gaur egingo dute eztabaida bat Lan Burtsan, «Zor hau ez da gurea, horren kontra borroka gaitezen» lelopean.

«Sistema zuzenago baten alde doazen aldarrikapenak agintariek ez dituztenez kontuan hartzen», mobilizaziora deitu zuten ere Ipar Euskal Herri barne aldeko Oldartuk, Attac elkarteak, Bizi mugimenduak eta LABek, eta Akizeko (Landak) CGTk. Larunbat goizean izango da, 10:30ean Baionako herriko etxearen aitzinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.