INDUSTRIA AERONAUTIKOA

«Sasoi onean» segitzeko, Heganek %5eko hazkundeari eutsi nahi dio

Gamesa, ITP, Sener eta Euskal Aeronautika Klusterreko beste 30 enpresek 700 milioi euro fakturatu dituzte

BILBO
2005eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Aireko trafikoa gora doala, hegazkinen salmenta biziagotu egin dela, eta euskal industria aeronautikoa sasoiko dagoela iragarri du Heganek; Gamesa, ITP, Sener eta beste 30 enpresa batzen dituen klusterrak. Denen artean, 700 milioi euro fakturatu zituzten iaz (%6 gehiago), eta urtero-urtero %5eko hazkundeari eutsi gura diote.

Jada 5.000 langile dauzkate klusterreko enpresek. Urtebetean 650 lanpostu eragin dituzte eta lau urtean 2.600dik gora. New Yorkeko dorre bikien aurkako erasoek ere ez dute eten enpleguaren bilakaera. Irailaren 11k orain hiru urteko esportazioak trabatu zituela, baina euskal industria aeronautikoak geroari «baikor» begiratzen diola azpimarratu zuen Jose Unda Heganeko presidenteak atzo, klusterraren batzar nagusiaren atarian.Izan ere, 1995ean halako zazpi da enpresen fakturazioa gaur egun. Enpresa txiki eta ertainak, gainera, «are gehiago» hazi dira urteen joanean.Esportazioetatik bizi da sektorea, orobat. Iaz fakturatutako 700 milioi euroetatik, 542 milioi dagozkiei atzerriko salmentei. Europako Batasuneko herrialdeak, Kanada eta Brasil dituzte bezero kutunenak, horietara esportatzen baitituzte ekoizkinen %95, gutxi gorabehera.Undak azaldu zuen Hegan dirutza inbertitzen ari dela I+Gn: «Urteroko irabazi gordinen %20 bideratzen ditugu berrikuntzara». Iaz 2003an baino 28 milioi euro gutxiago gastatzearen zergatia izan zuen hizpide. «Orain bi urte, izugarrizko ahaleginak egin genituen Airbus 380aren diseinuan esku hartzeko, eta horregatik iritsi ginen 137 milioi euroko inbertsiora».

«Lana erruz», Airbus 380 erraldoiari esker

Airbusen harribitxiari esker, sektoreak lana «erruz» edukiko du hurrengo urtetik aurrera. Are gehiago, klusterreko zuzendari nagusi Jose Juezek nabarmendu zuen Airbusen eta Boeingen arteko liskarrak ez direla galga izango enpresentzat. «Epe ertainean bederen».

Azkenaldiko hazkundeari eutsi nahi diote eta, horretarako, lan esparru berriei ekin eta elkarlana bultzatuko dute. «Oihartzun are handiagoko» programa aeronautikoetan parte hartu guran dabiltza. Juezen arabera, nazioarteko topaguneetan euskal industriaren «eskarmentua eta lan ona» goraipatzen ari dira jada: «Klusterreko konpainia guztiek EN 9100 kalitate ziurtagiria edukiko dute laster». Heganeko enpresak hegazkin entzutetsuen eraikuntzan esku hartzen ari dira: Airbus 380 etaBoeing 747 hegazkintzarren, Bombardier 900 eta Embraer 70 hegazkin txikiagoen eta Dassault Falcon 7X negozio hegazkinaren eraikuntzan.

Helikoptero programetan ere buru-belarri dihardute, eta Ameriketako Estatu Batuetako Armadari motorrak saltzen dizkiote, besteak beste.Euskal enpresak ez ezik, «sasoi onean» dago nazioarteko industria aeronautikoa ere. Petrolioren garestitzeak ez du aire bidezko garraioa moteldu, hegazkin erraldoien eskariak areagotu egin dira, eta espazio ontzientzako piezen merkatua gora doa geldiro-geldiro.

-

Datua





4.999

Klusterreko enpresa guztien artean 4.999 langile zeuzkaten joan den urte hondarrean. Hamabi urte dira Hegan sortu zutela eta urtero-urtero langile kopurua gora doa harrezkero. Klusterraren hastapenetan, 1.298 langile zebiltzan aeronautikan.

-

GAMESAREN EGOERA



 

«Ez dago txarto, baina laguntzen ari gara guztiok»





Tentuz eta neurriz heldu zion Heganeko presidenteJose Undak Gamesako Aeronautika Sailaren egoerari: «Ez dut uste txarto dagoenik». Konpainiak, ordea, iragarri du moldaketa industrial «konplexua» prestatzen ari dela, eta Arabako langileak kezkatuta daude ez dakitelako zer gertatuko den herrialde horretako lantegiekin. Undak ohartarazi zuenez, aeronautikak «beheraldi ziklikoak» sufritzen ditu eta Gamesari, ziur aski, «halako zer edo zer» gertatzen ari zaio une honetan. Nolanahi ere, Heganeko enpresa guztiak Gamesari «aurrera jotzen» laguntzen ari zaizkio, klusterreko zuzendari Jose Juezek iragarri zuenez. «Ahal dugun guztia egiten ari gara Gamesak aireko egituren merkatuan liderra izaten jarrai dezan». Ahaleginak ahalegin, Gamesaren egoerak orain arte ez du eraginik izan klusterraren eguneroko lanean, ez eta irabazietan edota fakturazioan ere. Krisialdi hitza kolpe batez baztertu eta merkatuaren ohiko motelaldiei egotzi zion Juezek Gamesak bizi duen ziurgabetasun egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.