EUROGUNEKO EKONOMIA

Sei estatuk gaindituko dute aurten Egonkortasun Ituna

EBk espedientea ireki die Herbehereei eta Erresuma Batuari, gehiegizko defizitagatik

Erredakzioa
BILBO
2004ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Euroguneko ekonomiaren gaineko gogoeta egin du Europako Batzordeak (EB). Batean kale, bestean bale. 2003ko lehenengo seihilekoan «hondoa jo» zuen. Urtearen hondarrean suspertu zen, eta, aurten, %1,7 haziko da.Espendientea zabaldu die Erresuma Batua, Holanda eta Italiari, «gehiegizko» defizitagatik. Nolanahi ere, jakinarazi du munduko eskariak eutsi egingo diola «goranzko bideari». Makalago ibiliko omen da enplegua: %0,3 handituko da aurten, eta %0,9 hurrengo urtean.

Gehiegizko defizita gaindi dezakete beste hiru kidek

Udaberriko iragarpen gazi-gozoak egin ditu EBk. Frantziak eta Alemaniak bezala, Herbehereek eta Erresuma Batuak Egonkortasun Itunean zehaztutako defizita gainditu dute, eta Italia gertu dago. Ordea, alde nabaria dago batzuen eta besten artean. Erresuma Batuak iragarri du 2004an bertan apalduko duela defizita, eta EBk, beraz, «automatikoki» itxi nahi du afera.

Herbehereetako aurrekontuak, berriz, uste baino gehiago okertu dira. Bruselak «berehala» osatu du txostena. Defizita %3,2ra iritsi zen iaz, baina agintariak neurriak prestatu dituzte «azelerazioa» eteteko. Italian, azkenik, zorren kitatze prozesua moteldu izanak eragin du defizitaren goranzko joera. Herrialde horrek sekula ez du %3ko muga gainditu. «Aurten, ordea, litekeena da eta horregatik jaso du EBren abisua», zehaztu du Ekonomia Gaietarako komisario Pedro Solbesek. Itsumustuan erantzun dio Italiako lehen ministro Silvio Berlusconik: «Ez da abisu sinesgarria. Solbes laster Espainiako Ekonomia ministro izango da. Gure aurkaria, beraz». Jada «hauteskunde kanpainan» izatea egotzi dio Berlusconik EBko presidente Romano Prodiri.Aurreko urteetan gehiegizko defizita izan eta gero, Portugal «bide onean» dela zehaztu du Bruselak. Hala ere, aurten ere Egonkortasun Ituna gaindituko du. Bestalde, «adi ibiltzeko» eskatu dio Greziari. Oro har, Euroguneko defizitak %2,6 baino apalago segituko du aurten. Baita 2005ean ere, herrialde batzuen superabitari esker. Dena den, agur esan aurretik, Solbesek ohartarazi du ekonomia mantso dabilenean «normala» dela herrialdeek defizita pilatzea. «Zero defizitak» ez du «axioma» bihurtu behar, «aurrekontu orekatuetan» dago gakoa.

Defizitaz haratago, Euroguneko eta Europako Batasuneko hazkunde ekonomikoaren nondik norakoak laburbildu ditu EBk. Munduko ekonomia «sasoi onean» dago: Barne Produktu Gordina %3,7 hazi zen 2003an eta %4,5era iritsi daiteke aurten.Eurogunean, berriz, %1,7koa izango da ekonomiaren hazkundea. Zenbait faktoreengatik: merkataritzaren gorakadagatik, kontsumitzaileen «konfiantzagatik» eta finanzaketa iturri «onuragarriengatik». Esportazioek gora egin dute, nabarmen, eta barne merkatuetako «inbertsio apurren» eragin ezkorra indargabetu dute. Bruselak azaldu du susperraldi ekonomikoak «sano» garestitu dituela lehengaien prezioak. Petrolio upelarena, adibidez. Ordea, euroaren sendotasuna dela- eta, Europan «kasik» ez da igoerarik sentitu. «Agerikoa da» Euroguneko ekonomiaren «pizkundea», EBren ustez.Hurrengo urtean %2,3 haziko da ekonomia; %2,4 Europako Batasunean. Inflazioak %2tik behera joko du eta hedapeneko herrialdeek«beste bultzada» bat emango diete inbertsioei. Baina, hala ere, enplegua ez da gehiegi haziko: %0,3 «bakarrik» aurten, eta %0,9 2005ean.EBren hitzetan, langabe kopurua «gutxinaka-gutxinaka» murriztu da Eurogunean. Inguruko herrialdeetan, berriz, erritmo biziagoan, «industrigintzaren loraldiari» esker. Eurogunean, %8,8an geratuko da langabezia tasa eta milio erdi lanpostu sortuko dira aurten, gutxi gorabehera. Zifra hori bikoiztu egingo da 2005ean, ekonomiak «bide onetik» jarraituz gero.

«Atentatu terroristak», ekonomia loraldiaren etsai

Ildo horretatik, Bruselak ohartarazi du M-11ko atentatuen moduko «eraso terroristek» ziurgabetasuna eragin dezaketela nazioarteko merkatuetan eta, beraz, ekonomiaren susperraldia eten, «hein batean».

EBk, gainera, berretsi egin du litekeena dela aurten Europako Batasuneko sei herrialdek %3ko defizita gainditzea. Euroguneko ekonomiaren bilakaera baldintzatu dezake «gehiegizko hazkunde» horrek. Baita euroaren sendotasunak, ondasun higiezinen prezioen gorakadak eta Ameriketako Estatu Batuetako «desoreka makroekonomikoek», besteak beste.

-

EUROPAKO BANKU ZENTRALA



 

Interes tasa apalak «pizgarri»

dira ekonomiarentzat





«Egungo interes tasak etengabeko pizgarri bihurtu dira ekonomiarentzat», nabarmendu du Europako Banku Zentralak apirileko buletinean. Inflazioaren kontrolarekin «uztargarriak» dira, eta, beraz, Euroguneko «prezio-politika» ez da aldatuko, epe labur eta erdikoan behintzat. 2003tik %2an dira interes tasak: banakakoen maileguek gora egin dute eten barik. Banku zentralaren hitzetan, gainera, martxoaren 11ko atentatuek ez dute eragin «nabarmenik» izango Euroguneko ekonomian. Ardura handiagoa dauka herrialde batzuen politika fiskalak direla eta. «Zergak pilatzen» ari dira Euroguneko kide batzuk, eta ez dirudi «erraz» kitatuko dituztenik. Gobernuei eskatu die «behar besteko neurriak» adosteko egoera zuzendu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.