Sei urte Egunkaria erahil zutela. 6.000 punturen bueltan zebilen Ibex-35 eta, Egunkaria auzian lez, itxuraz ez dugu ezer askorik aurreratu: 7.900 puntuko langaren azpitik gabiltza. Atzera lehengora bueltatu gaitezkeela dirudi, gainera. Erreserba Federalak hiru banku txiki bereganatu behar izan ditu eta, zurrumurruek diotenez, baliteke BBVAk (-%0,48) Popular (-%1,94) bereganatzea. Banku ez hain gaixoen penitentzia izan liteke, gaixoagoak irenstea. Ikuskizun dago horrek ez ote dituen guztiak gaixotuko. Atzo 1.741 milioiren salerosketa izan zen, eta Iberdrola eta Renovables izan ziren, %4na pasako igoerekin, eguneko izarrak. Banestok (-%3,8) Popularren antzeko gaitza izan dezakeela bistakoa da, eta, zer esan, gure Guipuzcoanoz (-%1,33). Banku guztiak zaku berean sartzen dituen epaile bat agertu bitartean jarraituko du jai giro horrek. Ea Telefonicak (-%0,64) bederen, eusten dion eta Santanderrek (-%0,38) ere ez duen muturra lar okertzen.
CNMVk iritzia plazaratu du: Banif Inmobiliario etxe agentzien funtsak dirua itzuli ahal izateko erabaki onena hartu du, alegia,bi urtez dirua ez itzultzea. Funts horrek 23 milioi euroan saldu berri du, aitortutako balioa baino %17 merkeago, Madrilgo Castellana etorbidean zuen bulego eraikinetako bat. 1999an ordaindu zuena baino %16 garestiago saldu du, hala eta guztiz ere. Madrilen ditu funts horrek aktibo gehienak eta azken aldian eraiki diren bulego dorreekin, salmenta azkarretarako garairik onena ez da, noski.
Sei urteko penitentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu