Azken bi urteetan EAEko sektore publikoak ia 4.000 lanpostu desegin dituela salatu du LAB sindikatuak. Zehazki, 2012an baino 3.849 langile publiko gutxiago ari dira orain lanean. Lanpostu galera handiena Osakidetzak jasan du, 2.906 behargin gutxiagorekin. Hezkuntzan, 750 lanpostu desegin dira bi urtean; administrazio orokorrean, 148; eta justizian, beste 45. «Zenbaki horien guztien atzean neurri politikoak daude, krisiaren aitzakian hartu direnak», salatu du Arantza Sarasola LABeko zerbitzu publikoen federazioko arduradunak. Haren ustez, lanpostuak desegitearen ondorioz «sektore publikoa suntsitzen eta poliki-poliki pribatizatzen ari dira».
Sindikatuak nabarmendu du, «azkenean», enplegu murrizketei buruzko «datu errealak» lortu dituela. EH Bilduk kontratazio publikoen zerrendak eskatu zizkion Iñigo Urkulluren gobernuari, eta Eusko Jaurlaritzak Gasteizko legebiltzarrean eman zuen informazioa: 2012an eta 2013an ordaindutako nomina kopuruak. BI urteak konparatuz ikus daiteke administrazioak ia 4.000 soldata gutxiago pagatu zituela iaz.
750 irakasle falta
Datuok eskuan izanda, Urkulluk asteon enplegua eta ekonomia suspertzeko aurkeztutako proposamena «zinismo eta demagogia ariketa bat» da LABen iritziz.
Gainera, zehaztu du hezkuntzan irakasleen kontratazio kopurua igo bada ere, ikasleen matrikulazioak gora egin duela eta ez direla behar bezain beste kontratatu. Hau da, 2011-2012ko ikasle-irakasle ratioa mantenduz, 750 irakasle gehiago beharko lirateke hezkuntza sistema publikoan.