Frantziako Senatuak onartu du erretreten erreforma. Aldeko 177 boto eta aurkako 153, hori izan da azken emaitza. Prozedurari jarraituz, bitariko batzordeari dagokio orain erreformarekin jarraitzea: zazpi diputatuk eta zazpi senatarik astelehenean dute hitzordua. Bi bertsioak bateratzea izango da haien lana. Ondoren, asteazkenean azken onespena emango zaiola uste da, Legebiltzarrean bozkatu ostean.
Gobernuak nahi baino mantsoago eta oposizioak desio baino lehenago egin du aurrera proiektuak. Aurrena, asteazkenean ziren bozkatzekoak senatariak.Oposizioko alderdiek 500 zuzenketa sartu zituztela ikusita, asteburua ere beharko zela pentsatzen zen gero. Ostegunean, ordea, Eric WoerthLan ministroak boto bakarraren prozedura erabiltzeko eskatu zuen, eta horri esker atzo onartu zuten azkenean. Prozedura hori salatu dute berriro oposizioko alderdiek. «Lotsagarria da eztabaidatzeko modua. Diputatuei hitza kendu zieten aurrena, senatariei boto bakarra baimendu zieten gero, eta bitarako batzordea astelehenerako deitu dute, bi egun eskasera», esan zuten PSko senatariek hitza hartu zutenean.
Bozketa eguna hurbildu ahala, tentsioa handituz joan da Frantzian. Senatuak erreforma onartu arren, protestekin jarraitzea erabaki du intersindikalak. Urriaren 28rako eta azaroaren 6rako antolatu dituzte hurrengo mobilizazioak, FO eta Solidaires sindikatuek ez beste gutziek egin dute bat. Horiez gain, beste bat ere izango da: gazteena. Asteartean da haien eguna. Atzoz geroztik oporretan dauden arren, jaiegunetan parentesirik ez egiteko eskatu diete ikasleen elkarte nagusiek gazteei, kontrakoa baizik, handitu ditzatela mobilizazioak.
Polizia gogor, Grandpuitsen
Findegietan ere protestak gogortuz joan dira azken egunotan. Atzo, istilurik handienak Grandpuits herrian izan ziren, Paristik 50 kilometro ingurura. Poliziak indarrez sakabanatu zituen sarrerablokeatzen ari ziren langileak. CGT sindikatuak adierazi zuenez, hiru zauritu izan ziren. Hamar egunean egon da itxita findegia. Goizaldean iritsi ziren CRS poliziaren lau furgoneta hara. Hamabost grebalari zeuden ordu horretan. Ordu eta erdira 50 langile gehiago ere joan ziren, protesta sendotzeko. Legez lan egitera behartuta zeuden hogei pertsonari sarrera oztopatzen saiatu ziren, eta Poliziak haien aurka egin zuen. Findegi garrantzitsua da Grandpuitsekoa, aireportuen hornidurarako erabiltzen delako batez ere.
CRSen esku-hartzea «behar-beharrezkoa» izan zela esan zuen Barne Sailak, «herritarrek duten mugitzeko askatasuna bermatu behar delako». Gobernuak aitortu du erregai eskasiak pare bat egun iraungo duela oraindik.Hain zuzen, gasolindegien %25ek dituzte arazoak. Autopistetan dauden zerbitzuguneak hornitzeari emango diote lehentasuna.
1986tik Senatuan egin den eztabaidarik luzeena izan da erretreten erreformarena, TF1en pribatizazioari buruzkoa izan zen hura. 140 ordu eman dituzte hizketan.
Senatuak 24 botoren aldearekin onartu du erretreten erreforma
Ikasleen elkarte nagusiek beste protesta bat antolatu dute erreformaren aurka astearterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu