Arcelor Mittalek Berria-ri jakinarazi dionez, Espainiako lantegietarako zabalik duten enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen barruan sartu dituzte Sestaoko altzairutegiko langileak. Dosier hori orain berritu dute, eta abenduaren 31 arte iraun dezake. Arazoa konpondu ezean, berritzeko asmoa du multinazionalak. Arazoa Txinaren soberakina denez, hori konpondu arte itxita izan daitekeela iradoki dute enpresako iturriek. Europako altzairuaren patronalak eskatu dio EBri zerbait egin dezala kostu azpiko inportazioak geratzeko, baina oraingoz ezer gutxi lortu du.
Gaur egun 335 lagunek egiten dute lan Sestaoko ACBn. Bizkaiko Labe Garaien oinordekoa da Sestaoko lantegia, baina hura baino modernoagoa eta askoz txikiagoa.
Multinazionalak beste lantegi batzuk baditu Euskal Herrian; besteak beste, Olaberrian, Zumarragan eta Lesakan. Horiei buruzko erabakirik ez du hartu Arcelor Mittalek, "oraingoz".
Bi dira ACBren desabantailak. Batetik, labe elektrikoa du, eta argindarraren prezioa handiagoa da Hego Euskal Herriko enpresentzat beste lehiakide batzuekin alderatuz gero. Bestetik, Sestaon egiten duten produktua —bobina laminatuak eta desugertuak— dira Txinaren dumping-a gehien jasaten ari direnak. Produktu horiek %30 merkeago eskaintzen dituzte lehiakide txinatarrek, kostuen azpiko prezioetan saltzen ari baitira.
Arazo globala
Arazoa ez da soilik ACBrena, Europa osoko sektorearena baizik. Urtarriletik irailera bitartean, %40 hazi dira Txinaren inportazioak EBn. Munduko altzairu ekoizle nagusia da Txina, alde handiarekin. Iaz 822,7 milioi tona ekoitzi zituen, munduko produkzio osoaren %49. Hamar urtean ia bikoiztu egin du ekoizpena. Baina Txinaren ekonomiaren hazkundea geldotuz doan neurrian, herrialdea ez da gai bere altzairu guztia kontsumitzeko. Adituen arabera, Txinako altzairu industriaren %70 ez da errentagarria. Horregatik, atzerrira ari da saltzen altzairua, ekoizpen kostuen azpitik, Eurofer Europako Altziruaren Industriako Erakundeak behin eta berriz salatu duenez.
Europatik kanpo ere izaten ari da eragina Txinaren gehiegizko produkzioak. Mexikon, esaterako, 8.000 langile kaleratu dituzte aurten, eta beste 45.000 postu kolokan daude. Izan ere, Txinako inportazioak %112,5 handitu dira aurten Mexikon, eta, babes neurri gisa, gobernuak %15 handitu ditu altzairu inportazioen aduana zergak.