ekonomia

Sestaoko Arcelorren lanean dira berriz ere, zazpi hilabeteko etenaren ondoren

Ekainaren hasieran ekingo diote berriro ekoizpenari. Dena dela, produkzioa erdira jaisteko aurreikuspena dute.

2012ko maiatzaren 21a
17:37
Entzun

Sestaoko ArcelorMittal-eko langileak lanera itzuli dira gaur berriro, zazpi hilabeteko etenaren ondoren, ekainaren hasieran berriz ere ekoizten hasteko. 450en bat behargin daude Sestaoko plantan, eta lan erregulazio espedientea dute iazko urritik.

Rufino Beteta langileen batzordeko presidenteak esan du segurtasun protokolo eta instalazioen gainbegiratze lanak egingo dituztela egunotan, lantokia atzera berriz martxan hasi baino lehen.

Langileen batzarrak maiatzaren 7an lantegia berriro abian jartzearen alde bozkatu zuen. Sarien sistema berri bat eta oporren egutegi berri bat negoziatzea ere onartu zuten.

CCOOren arabera, Ezkerraldeko industria jarduerarentzat eta enpleguarentzat "albiste ezin hobea da". "Gainerako enpresentzat ere motorra da, lanpostu bakoitzeko zeharkako beste lau sortzen baititu".

Krisiagatik lantegiko bi lineetatik funtzionamenduan bakarra jartzea aurreikusten dute. Ondorioz, ekoizpena erdira jaitsiko litzateke: urteko 1,8 milioi tonatik 900.000ra. Europako iparraldeko eta autoaren merkatuetan sartzeko helburuak dituzte.

Sindikatuen eta zuzendaritzaren akordioak direla-eta plantillan doitzeak egingo dituzte, eta 2013 erdirako lantaldea 350era jaitsiko litzateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.