Enpresak

Siemens Gamesatik 260 behargin joan direla esan du UGTk

Sektore eolikoko multinazionalak lantaldea argaltzeko martxan jarritako irteera programa onartu du behargin kopuru horrek, Euskal Herriko eta Espainiako lantegiak kontuan hartuz.

Siemens Gamesak Sarrigurenen duen planta, Nafarroan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2018ko urtarrilaren 19a
12:55
Entzun

UGT sindikatuaren arabera, Siemens Gamesak bere lantaldea murrizteko martxan jarri duen irteera programa bide onetik doa, dagoeneko 260 beharginek onartu dutelako enpresa uztea. Siemens Gamesak berak ez du zenbaki hori berretsi oraindik, baina espero da antzeko datuak ematea. Konpainiak 272 langile kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu zuen, iaz, baina azkenean erretiratzea deliberatu zuen, eta haren ordez, aurretiazko erretiroak eta pizgarri bidezko borondatezko bajak baliatzen dituen irteera plan bat jarri zuen martxan. Bada, 260 dira plan ez traumatiko horri baietza eman dioten langileak, betiere UGTren arabera.

Atzo bukatu zen enpresa borondatez uzteko proposamenaren epealdia. UGTk ez du jakitera eman zenbat diren aurretiazko erretiroa hartu dutenak eta zenbat pizgarriei helduta enpresa borondatez utzi dutenak. Erregulazioa ez zela beharrezkoa erakutsiko luke programari oniritzia eman dion langile kopuruak, sindikatuak dioenez. Datorren asteartean, hilak 23an, sindikatuak eta zuzendaritza batzartuko dira Madrilen, eta irteerei legezko egitura emateko moduak aztertuko dituzte.

Aernnovako langileek Jaurlaritzaren parte-hartzea eskatu dute

Berantevillako (Araba) Aernnovako langile batzordeak informazioa eskatu dio zuzendaritzari taldearen akzioen jabetzaren egituran gertatzen ari diren aldaketei buruz. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio akzioak erosteko, Beasaingo CAFen egin duen antzera. Iazko ekainean jakin zen TowerBrook Capital LLP funtsa sartu zela Aernnovako jabetzan, eta urte bukaerako, arautzailearen baimen guztiak izango zirela aurreikusi zuten, baina langileek ez dute horri buruzko informazio gehiago jaso.

Langile batzordeak dio "kezka handia" dagoela taldearen geroa dela eta, egoera ziurgabetasun handikoa delako. Langileek ez dituzte ezagutzen akziodunen planak, eta uste dute Jaurlaritza beste alde batera begira ari dela. "Euskadiko aeronautika desegiten ari dira gutxika", dio batzordeak. Sekore estrategikoa dela gogoratu du, eta CAFen egin duen antzera, Jaurlaritzak akzioak erosi beharko lituzkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.