Lan gaixotasuna

Silikosia elkartea sortu dute silikosiarekin kaltetutako hainbat langilek

"Gaixotasuna meatzaritzarekin batera amaituko zela pentsatzen zen", esan du Fernando Idoiaga elkarteko kideak. Gaur egun oraindik silikosiak langileak gaixotzen dituela azpimarratu du. Idoiagari ekainean atzeman zioten gaixotasun hori zuela. [Youtube]http://youtu.be/CLqEwMk1pJg[/Youtube]

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko urriaren 4a
15:55
Entzun

Silikosiak birikari eragiten dion gaixotasuna da, silizea arnastearen ondorioz sortzen dena. Apurka biriken gaitasuna murrizten joaten da, eta ez dauka atzera bueltarik. Historikoki meatzaritzan erabili ohi izan da material hori, eta, horren ondorioz, sektore horri lotutako gaixotasuna izan da urte luzez. Gaur egun, "desagertuta zegoela uste bazen ere", kuartzozko aglomeratuen erabilera haztearekin batera, berriz agertu da, Fernando Idoiaga kaltetuaren esanetan. Izan ere, material horrek %95ean dauka silize kristalinoa, eta sukaldeetako gainaldeetarako erabiltzen da kuartzozko aglomeratua. Idoiagak 24 urte pasatu ditu sukaldeak muntatzen. "Beraz, pentsa zenbat silizio arnastu ahal izan dudan", esan du. Hark sortu du Silikosia elkartea, beste hainbat biktimarekin batera.

Elkartearen sorreran CCOO sindikatuaren babesa lortu dute kaltetuek, eta urtetik urtera kaltetuen kopurua hazten ari dela azpimarratu dute. CEPROSS erakundea Espainiako Gizarte Segurantzako gaixotasun profesionalen komuniazioaz arduratzen da, eta, hark emandako datuen arabera, 2011n hamabi pertsonari antzeman zieten silikosia Hego Euskal Herrian. Silikosia elkarteko kideek, ordea, gaixotasuna ezkutatu egiten dela salatu dute. Hori dela eta, gaixotasuna saihesteko neurriak hartzeko eskatu dute. Besteak beste, silize kristalinoa %20tik gora daukaten kuartzozko aglomeratuak debekatzea aldarrikatu dute, eta material horiek merkaturatu izanagatik erantzukizukizunak eskatu. Era berean, neumologoek silikosia atzematen dutenean lan gaixotasun gisa hartzeko ere eskatu du elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.