ekonomia

Sindikatu abertzaleek mobilizazioak egingo dituzte berriro, "bestelako eredu ekonomiko-sozial baten alde"

ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE eta Hiruk iragarri dute irailaren 22an Donostian ekitaldia eta manifestazioa egingo dituztela. Dekalogoa aurkeztu dute.

2009ko irailaren 15a
14:32
Entzun
ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE eta Hiru sindikatu abertzaleek iragarri dute berriro mobilizazioetara joko dutela, maiatzaren 21eko greba orokorrari jarraipena emanez. Lanuzte hura deitzeko arrazoi berak dituztela esan dute eta langileontzat egoera "oso larria" dela orain ere.

Hala, irailaren 22an Donostian ekitaldia eta manifestazioa egingo dituzte. Azaroaren 13an, berriz, mobilizazioa egingo dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta irailaren 11n Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei bilerak eskatuko dizkiete.

"Patronalak lehen baino ozenago egiten ditu bere eskakizunak, eta gobernuek haren esanetara

jarraitzen dute politika desegokiak aplikatuz, eta gure jendarteko baliabide gutxien duten eta

baztertuen dauden giza taldeen eta milaka langileen egoera gorriari bizkar emanez", adierazi dute ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE eta Hiruk. "Bestelako eredu ekonomiko-sozial baten alde egiten dugu apustu. Eredu horrek hiru printzipio hauek ditu oinarri: gizarte-justizia, berdintasuna, eta aberastasuna eta lana banatzea -bai ekoizteko lana, bai erreprodukziokoa-.

Dekalogoa

Krisitik irteteko dekalogoa aurkeztu dute. Besteak beste, enpleguaren alde jokatzea eskatu dute -"langileak aise kaleratzen utzi beharrean- eta dagoen enpleguaren kalitatea hobetzea.

Beste eskaera batzuk: lan baldintzetan berdintasuna bermatzea; gizarte prestazioak ugaltzea, langabeziaren eta pobreziaren hazkundeari aurre egitearren; zerga politika bidezkoa eta gehikorra izatea, aberastasuna zuzenago banatzen laguntzeko modukoa; osasun eta hezkuntzaren gastu publikoa igotzea; sektore publikoa bultzatzea, eta garapen ekonomiko eta sozialaren eragile bihurtu; politika ekonomiko eta sozialen diseinuan gizarte parte-hartzea sustatzea; eta lan harremanetarako eta gizarte-babeserako euskal esparru bat sortzen ahalegintzea, Hego Euskal Herriak berezko legeak egitea izan dezan enplegu, negoziazio kolektibo eta gizarte babesaren arloetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.