Inori ez zaio gustatu Joaquin Almunia Lehia komisarioaren proposamena. Ontziolek 2005 eta 2011 artean jasotako laguntza fiskalak —tax lease deituak— legez kanpokoak izan zirela ebatzi, eta dirua itzuli beharko dute. Baina hasieran ontziolek itzuli beharreko dirua zela aurreikusten zen arren, Almuniak ontzijabeek eta inbertitzaileek ordaintzea nahi du. Modu batera edo bestera izan, horrek sektorearen “berehalako heriotza” ekarriko duela esan du Txema Belon Sestaoko La Navaleko UGTko ordezkariak. Gipuzkoa eta Bizkaiko bost ontzioletako —La Naval, Zamakona, Murueta, Pasaia eta Balenciaga— langile eta batzordeak elkartu dira gaur goizean, laguntza horiek itzultzeak sektorea kinka larrian utziko duela adierazteko. Horregatik, bi dimisio eskaera egin dituzte: Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroarena batetik, orain arte “desagertuta” egon delako, eta Joaquin Almuniarena bestetik, dirua itzultzeko erabakia babesteagatik. Era berean, komisarioari eta Europako Batzordeari salaketa jartzeko aukera aztertzen ari dira langile batzordeak, “orain arte tax lease-a erabiltzen uzteagatik, orain eurek legez kanpokoa dela esaten dutenean”. Era berean, mobilizazioetarako deia ere egin dute. Uztailaren 9an Gipuzkoan mobilizazio bat egingo dute, eta 14an Sestao eta Santurtzi artean martxa bat.
Egoera horren aurrean, botere politikoei, erakundeei, ontziolei eta sektorean zerikusia daukaten guztiei “bat egiteko” deia egin die, uztailaren 17an emango den behin betiko erabakiaren aurka presio egiteko. Hain justu, Bilbon gaur goizean hasi den Euskal Herriko itsas foroan, hainbat eragile bat etorri dira erabaki hori sektorearen kalterako izango dela, eta Almuniari bere proposamena bertan behera uzteko eskatu diote. Diru hori itzuli beharko balitz, “Euskadiko BPGa bi puntu jaitsiko litzateke”, Luis Cañadas foroko presidentearen esanetan. Imanol Pradales Bizkaiko Sustapen Ekonomikorako diputatuak, berriz, Almuniari esan dio “Europako ontziolen sektorea babestu” dezala eta ez dezala “heriotza zigorrik” izenpetu. Itzultzekotan, 1.000 milioi euro itzuli beharko lizkiokete ontzijabe eta inbertitzaileek, eta horrek sektorean dauden 3.500 langile ingururi zuzenean eragingo lieke. “Frantsesekin izan zuten jarrera bera izan dezatela gurekin ere”, esan du Javier Lopez de Lacalle foroko zuzendari kudeatzaileak.
Bistan da Almuniak atzo egin zituen adierazpenak ez zaizkiola inori gustatu. Langile, enpresaburu eta erakundeek bat egin baitute proposamenaren aurka. “Zeozerren erakusgarri da hori”, Pradalesen ustez.