Ezohiko irudia ikusi zen atzo Nafarroako Parlamentuaren kanpoan: ELA, LAB, EILAS, CCOO eta UGT elkarren ondoan, Nafarroako Gobernuaren murrizketak salatzeko eta zerbitzu publikoen alde egiteko. Berez, ELAk, LABek eta EILASek mobilizazioak abiatu zituzten Nafarroako Gobernuaren murrizketei aurre egiteko, eta atzo CCOOren eta UGTren babesa izan zuten. Nafarroako 22 herritan egin zituzten protestak. Murrizketak salatzeaz gain, greba orokorraren alde egin zuten atzoko mobilizazioetan.
Hala ere, ELAko, LABeko eta EILASeko ordezkariek agerian utzi nahi izan zuten CCOOk eta UGTk murrizketak negoziatzen dituztela Nafarroako Gobernuarekin.
Gauza bat baita protesta batean guztiek parte hartzea eta bestea ekintzak elkarrekin hitzartzea. Jose Maria Molinero Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak atzo esan zuen prest daudela greba egunean ELArekin, LABekin eta EILASekin batera joateko: «Bereizten gaituzten iritziak bazterrean utzita».
Gaur egun, hori ezinezkoa da. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak argi eta garbi utzi zuen berriro, atzo, Donostian. Ekintza batasunaren alde egin zuen, oso garrantzitsua dela aitortu zuen, baina baita gaur egun ezinezkoa dela ere, bien arteko aldeak «asko» eta «sakonak» direlako.
CCOOk eta UGTk greba orokorraren ondoren lan erreforma negoziatu nahi dute Espainiako Gobernuarekin. Muñozek gaitzetsi egin zuen jarrera hori eta aurretik onartutako erreformetan izan dutena: «Guk ez dugu greba egiten Mariano Raxoik telefonoa hartzeko. Ez dugu egiten neurriak makillatu eta garrantzitsu plantak egiteko. Ez dugu egiten pentsioen erreforma sinatzeko. Ez dugu egiten soldatei lehiakortasun falta leporatu eta CEOErekin akordioa sinatzeko. Ez dugu egiten elkarrizketa sozialak funtzionatzen duela esateko».
Batzuen eta besteen grebaren helburuak ezberdinak direla nabarmendu nahi izan zuen Muñozek, lan erreforma bere horretan onartuko dela uste baitu. ELAko idazkari nagusiaren arabera, ELAk, LABek eta haiekin bat egin dutenek aldarrikapen agenda eta agenda alternatiboa dituzte, eta hori gizarteratzen ari dira, eremu propio bat indartzeko.
Sindikatuak elkarrekin Nafarroan, murrizketen kontra
CCOOk eta UGTk babestu egin dute ELAk, LABek eta EILASek antolatutako protesta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu