"Confebask salatzeko lehiaketan ez gara sartuko; bakoitzak bere ardurak dauzka hemen, bai sindikatuek eta bai patronalak". Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen hitzek laburbiltzen dute bere alderdiak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean hartu duen jarrera. PSE-EErekin eta UPDrekin EH Bilduren legez besteko proposamena alboratzea posible egin duen erbidideko transakzio bat adostu du EAJko talde parlamentariak. Lan erreforma baztertu, negoziazio kolektiboari eusteko deia egin, sindikatuei eta patronalari maila berean, eta urte amaiera arteko luzapen bat eskatzen du idatziak; alegia, abenduaren 31 arte uztailaren 8a baino lehen indarrean zeuden itun kolektiboei eusteko proposamena da, ordurako balizko negoziazio batek ondorioak eduki ditzan.
Horrez gain, idatziak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio kontuan har dezala zein enpresek duten itun kolektiboak eta zeitzuk ez obra publikoak esleitzean. EH Bilduren asmoa zen itun kolektiborik gabeko enpresak ez sartzea lehiaketa publikoetan, ez bakarrik "kontuan hartzea".
PSE-EEk Confebask aipatzearen aldekoa zen, Txarli Prietok esan duenez Diputazio Iraunkorrean, baina "zubiak eraikitzeko eta alternatiba bat egon dadin" bozkatu du bere taldeak Gorka Maneiro eta EAJko taldearekin batera. "Confebaken jarrera itxia arduragabekeria da eta euskal enpresak arriskuan jartzen ditu", esan du Prietok, baina patronala aipatzen ez duen legez besteko proposamenaren alde bozkatu du. Hala ere, garbi esan du Confebask dela akordioa galarazten ari dena, "renove planak eskatzeko etxe honetara datorren Confebask bera".
EH Bilduko legebiltzarkide Dani Maeztuk esan die "ekidistantziak konplize" egiten dituela gertatzen ari den "egoera izugarriaren aurrean". Confebaskek "mingaina atera zion" Urkullu lehendakariaren sektore arteko proposamenari, eta horregatik ez du ulertzen, ez onartzen EAJk hartu duen jarrera enpresarien interesen alde. Langileek euren lan baldintzak behera botatzen dituzten gutunak jasotzen ari direla gogoratu du; "mixeria aplikatu nahi diete", eta horrelako egoera baten aurrean "ezin zaie aldeei deitu maila berean". Confebask aipatzen ez duen idatzia onartuta, "lan txukuna egin duzue" esan dio Joseba Egibar jeltzaleari tonu ironikoan.
Joseba Egibar parlamentariak grafikoki erakutsi du nola den egoera, lan itun kolektiboen galeraren ondoren eta lan erreforma indarrean sartu denetik. "Enpresariek 31 eskutik dute, baina hau ez da joko bat, justizia sozial kontua baizik". Horregatik negoziatzera deitu die, sindikatuei bezala. Urte amaiera arteko luzapena "aukera polita" dutela esan du negoziazioak berreskuratu eta akordioak egiteko. "Herri bereko sema-alabak dira langileak eta ugazabak", esan du, arazoa konpontzea batzuen eta besteen eskuetan dagoela erantsiz.
Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak onartu duen legez besteko proposamenak ez du inork behartzen, baina patronalak kontuan har dezake negoziazio kolektibora itzultzeko. Hala uste du EAJko kideak.