"Nik ikusten ditut nire seme-alabak une oro enplegua bilatzeko webguneetan sartuta, Interneten, eta burutik pasatu ere ez zaie egiten Lanbiden apuntatzea enplegua bilatzeko. Besteak beste, gauza gutxi topatzen delako hor". Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde Jose Andres Blascok gaur zortzi agerraldi publiko batean esan zuen esaldi horrek erreakzio kate luzea ekarri du astebetean: azalpen eta dimisio eskariak oldean iritsi dira alderdi eta sindikatuen eskutik. Erreakzio katean azkena, Blascorena berarena izan da. "Zorigaiztoko aipamen okerra" egin izana aitortu, eta barkamena eskatu die Lanbideko beharginei, posta elektroniko bidez igorritako gutun batean: "Esaldi hori bakarrik aipatzen bada, gainerakoa aintzat hartu gabe, egia da adierazpena ez dela nire karguaren erantzukizunaren mailakoa. Beraz, barkamena eskatu behar dut".
Sindikatuak, ordea, ez dira gogobete azalpen horiekin, eta elkarretaratzeak egin dituzte gaur Lanbideren zentro guztietan. ELA, LAB, CCOO eta UGTk sinatu dute deialdia. Protesten bitartez, salatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enplegu zerbitzuan "antolakuntza eta egonkortasunik eza" dagoela, eta gabeziak dituela enplegu politika propio bat garatzeko. Blascoren hitzak "traiziotzat" jo ditu UGTko Pilar Olivak, eta Lanbideko langileak "mespretxatzea" egotzi dio: "Egungo testuinguruan Lanbideko arduradunak horrelako adierazpenak egitea erabat onartezina da". Sailburuordearen barkamena "ondo" hartu du ELAko Miren Zubizarretak, baina hitz horiek ekintzetan egikaritzeko eta Lanbide baliabideekin elikatzeko exijitu dio.
LABeko Joseba Izagaren aburuz, "albiste ona" litzateke Blascok alde batera utziko balitu eginkizun publikoak. Lan merkatuak egun eskaintzen dituen aukera murritzen erantzule egin du sindikatu abertzaleko ordezkariak: "Patronalaren troiako zaldia da". Bide beretik, CCOOko Jose Trespadermesek ez ditu askitzat jo Blascoren azalpenak, haren iritziz agerian geratu baita ez duela zerbitzu publikoan sinisten. Hori dela eta, karguan mantentzea berrazter dezala galdegin dio Angel Toña sailburuari. "Zaldien hankapean jarri du Lanbideko langileen zeregina". Adierazpenak egin eta biharamunean, Toñak "zoritxarrekotzat" jo zituen Blascoren hitzak, baina haren jarduna defendatu zuen, edozein pertsonak "huts egiteko eskubidea" duelakoan.