Hamar hilabete daramatzate Arabako metaleko lan hitzarmen berria negoziatzen, baina oraindik urrun dirudi akordioak. Patronalaren jarrera «aseezina» dela iritzita, elkarrekin aritzea erabaki dute sindikatuek. Hiru konpromiso hitzartu dituzte ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk:ez dutela sinatuko gaur egungo eskubideetan atzera egitea eragingo duen akordiorik; Arabako lan ituna defendatuko dutela egon daitezkeen negoziazio esparruen artean, eta, azkenik, sindikatu gehienen oniritzirik ez duen akordiorik ez dutela sinatuko.
Patronalari presioa egiteko mobilizazioak ere antolatu dituzte lau sindikatuek. Azaroaren 4an elkarretaratzea egingo dute SEAren egoitzaren aurrean, azaroaren 18an Aiara eskualdean izango dira protestak eta abenduaren 16an manifestazioa egingo dute Gasteizen. ELA, LAB, CCOO eta UGTren arabera, Arabako lan hitzarmena desagerrarazi nahi du SEAk. «Negoziaziorako tarterik ez dagoela dio. Beraz, pilota langileen teilatuan dago orain: mobilizazioen bidez soilik lortuko dugu Arabako lan hitzarmena».
Soldata igoerarik ez
Hiru urterako lan ituna proposatu du enpresaburuen elkarteak, eta soldata igoerarik ez da izango tarte horretan. «Soldatetan igoeraren bat egotekotan KPIa alde batera utziko duela esan du, eta enpresen irabaziak hartuko dituela kontuan». Lanaldiari dagokionez, orain baino 15 ordu gehiagokoa nahi du, baita malgutasuna handitzea ere. Horrez gain, atzoko bileran beste neurri bat ere planteatu zuen SEAk: epez pasatako hitzarmenak gehienez ere sei hilabetean egotea indarrean, ordutik aurrera, berriro eduki guztia negoziatu beharko da.
Sindikatuek gaitzetsi egin dituzte neurri horiek guztiak, eta gogoratu dute Arabako metaleko hitzarmena Euskal Herriko gainerako herrialdeetakoa baino okerragoa dela. Araban, 25.000 langile inguru aritzen dira metal sektorean.
Sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte Arabako metalean
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk esan dute ez dutela sinatuko lan eskubideak okertuko dituen akordiorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu