EKONOMIA

Sindikatuek protestak antolatu dituzte igandean Bilbon denden irekiera salatzeko

Mobilizazioak "demokratikoak" izango direla adierazi dute, "bezeroei dendetara sarrera galarazi gabe". Bilduk saltoki handiek inposatu nahi duten merkataritzari muzin egitera bultzatu ditu herritarrak.

2012ko urtarrilaren 5a
15:20
Entzun

Merkataritzan gehiengoa duten sindikatuek —ELA, COO, UGT eta LAB— protestak egingo dituzte Igandean Bilbo erdiguneko hainbat dendaren irekiera salatzeko. Mobilizazioak "demokratikoak" izango direla jakinarazi dute, eta ez dutela bezeroak dendetara sartzea "galaraziko". 

Bilduren Bilboko Udal taldeak bat egiten du Bizkaiko Merkataritzako gehiengo sindikalak egindako eskaerekin, eta sindikatuek iganderako deitutako elkarretaratzean parte hartuko du. Sindikatuek egin duten moduan, Bilduk azpimarratu du jaiegunetan zabaltzeak ez duela merkataritza laguntzen, ezta enplegua sustatzen ere. Jaiegunetan dendak irekitzea "langileen deskantsurako eskubidearen kontrako erasotzat" jotzen dute. 

Sindikatuen ustez, behin-behineko langileak "xantai eta presiopean" egoten dira jaiegunetan lan egitea onartzeko. Bilduren esanetan, "gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten dituen eredu ekonomiko arrotz baten inposizio berri baten aurrean gaude". 

Legeak urteko zortzi jaiegunetan irekitzea onartzen die salerosleei, baina sindikatuek adierazi dute erabaki horren kontra jardungo dutela, langileen aldarrikapenak babesteko. Sindikatuek Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen jarrera kritikatu dute, irekiera onartzeagatik. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.