Ondasun Komunaren Ekonomia

Sistema aldatzeko utopia

Gaur egungo egitura ekonomikoen erreforma erradikala proposatzen du Ondasun Komuneko Ekonomiaren mugimenduak; apurka, ideia horiek garatzeko taldeak hasi dira hedatzen Euskal Herrian ere.

Ivan Santamaria.
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sistemaren arrakalak bistan utzi ditu krisi ekonomikoak. Berlingo Harresia eraistean historiaren amaiera ikusi zutenek ere zailtasunak dituzte gaur egungo nora eza arrazoitzeko. Finantza merkatuen gainbeherak «kapitalismoa birsortzea» eskatzen zuela aldarrikatu zuten G20koen buruzagiek. Sei urte geroago, krisiaren ondorioek haserrea eta ezinegona hedatu dute herrialde askotan. Sistemak ez du erantzuten; baina nora jo, orain?

Galdera zaharrei erantzun eguneratuak emateko tenorea iritsi da. Borroka ideologikoa egiteko garai interesgarriak dira, zalantzarik gabe. Herrialde aurreratuetan arreta handia jaso duen mugimenduetako bat da Ondasun Komunaren Ekonomia. Apurka, Euskal Herrira ere hedatzen hasi da sistemaren eraldaketa sakona eskatzen duen proiektua. Esaterako, Orendain (Gipuzkoa) izan da sistema alternatibo hori praktikara eramateko urratsak egitea erabaki duen lehenbiziko euskal udalerria, biztanle gehienek babestu zuten proposamenari esker.

Funtsean, ekonomia antolatzeko eredu berri bat eraikitzea proposatzen du Ondasun Komunaren Ekonomiak. Gaur egungo oinarrietatik abiatuta, aldaketa mamitzeko bide orri praktikoa ere planteatzen du. Jarduera guztiak pertsonen ongizatearen zerbitzura jartzea da filosofia nagusia. Erdibideko eredu bat komunismoaren ekonomia arautuaren eta kapitalismoaren merkatu libre basatiaren artean.

Nondik atera da mugimendua? Oinarri ideologikoak Christian Felber Vienako Unibertsitateko irakasleak jarri ditu. Orain dela lau urte liburu batean bildu zituen Ondasun Komunaren Ekonomiaren ezaugarriak, bitartekoak eta helburuak. Harrezkero, ideia horiek garatzeko mugimendua hedatu izan da herrialdez herrialde, Felberrek eta haren proposamenek aldi berean sortzen duten erakargarritasunak eta mesfidantzak bultzatuta. Mugimenduaren babesleentzat, gaur egungo egoerari buelta emateko eta etorkizun hobe baterako gakoak eskaintzen ditu. Kritikoentzat, berriz, utopia hutsa da Felberrek eta haren jarraitzaileek proposatzen dutena, besteak beste, ongizate eta ondasun komuna zer diren adostea ezinezkoa dela argudiatuta.

Nondik hasi?

Lehen galderetako bat izan liteke nola neurtzen den ongizate komuna. Ekonomiaren arrakasta, makroekonomian, barne produktu gordinaren arabera kalkulatu ohi da. Hala ere, neurgailu horri egindako kritikak bere egiten ditu mugimendu horrek. Hots, ekonomia bat hazi den edo ez adierazten du BPGak, baina ezer gutxi esaten du hori lortzeko moduari buruz.

Barne produktu gordin klasikoaren ordez, ondasun komunaren produktua sortzea proposatzen du. Herritarren lana da zehaztea zeintzuk diren sustatu eta aintzat hartu beharreko balio horiek, behetik gora eta prozesu demokratiko baten bidez.

Neurgailu aldaketa orokorra ez ezik, enpresen egoera adierazteko modua aldatzea ere proposatu dute. Gaur egun, finantza balantzea da. Horren ordez, ondasun komunaren balantzea ezarriko litzateke. Konpainia batek nolako balioak dituen neurtzen du. Giza duintasuna, elkartasuna, iraunkortasun ekologikoa, justizia soziala, eta parte hartze demokratikoa dira balio horiek. Enpresako hornitzaile, finantzaketa-emaile, langile, bezero, eta ingurumenarekin duten harremanaren arabera puntuak ematen zaizkie.

Balantze horretan, gehienez ere, enpresa batek mila puntu izan ditzake. Praktika txarrak egiten badituzte —OITren arauak urratu edo zerga iruzurra egin— puntuak kentzen zaizkie.

Ondo jokatu duten enpresa horiek saritzeko legeak indarrean jarriko lirateke: zerga murrizketak, muga zerga onuragarriak, kreditu merkeak, erosketa eta laguntza publikoetan lehentasunak, eta abar. Merkatuan sartzeko eta aurrera egiteko aukera gehiago emango zaizkie arduraz jokatzen duten eragileei. Enpresaren puntuazio hori produktuetan agertuko da, bezeroek jakin dezaten nola jokatu duten, erostea erabaki baino lehen.

Bestelako ideologia alternatiboekin alderatuta, irabazien beharra aldarrikatzen dute. Enpresek irabaziak izan behar dituztela bideragarri izateko, alegia. Koska mozkin horien erabilera izango litzateke. Helburu bat zen enpresentzat bitarteko bat bihurtuko litzateke dirua irabaztea.

Diru horrekin zer egin eta zer ez arautzen du ereduak. Esaterako, posible izango da gainbalio sozial eta ekologikoa duten inbertsioak egitea, kredituak itzultzea, langileei pizgarri mugatuak ematea, edo enpresa lankideei interesik gabeko maileguak ematea. Zer egin ez daitekeen ere argi esaten du: ezingo zaie enpresakoak ez diren pertsonei ordaindu (bazkide kapitalistarik ez), beste enpresaren bat erosteko eskaintza areriotsuak ezingo dira aurkeztu, finantza merkatuetan ezingo da inbertitu, eta enpresek ezingo dute alderdi politikoak finantzatu, besteak beste.

Aberatsei mugak

Aberastasuna sortzeari bezainbeste, aberastasuna banatzeari erreparatu diote. Hor, neurriak planteatu dituzte, gehienezko diru sarrerei, jabetza pribatuari edo oinordetzari mugak ezartzeko, orain dauden desberdintasun sozialak mugatzeko asmoz.

Lanaldiari eta lan merkatuari buruz ere eskaera jakin batzuk dituzte. Astero lanaldia 30 eta 33 ordu bitartera murriztuko litzateke. Beste jarduera batzuk egiteko denbora gehiago izatea da helburua: harremanak eta zaintza (umeak, gaixoak, adinekoak), hazkunde pertsonalerako lanak (artea, aisialdia, nortasun garapena), eta lan politiko nahiz publikoa.

Hamar urtean behin langileak urte sabatikoa hartuko luke. Hori finantzatuko litzateke baldintzarik gabeko oinarrizko errenta baten bidez. Urte hori nahierara erabiliko luke langileak. Ekintza horrekin lan merkatua arintzea eta errotazioa areagotzea lortuko litzateke. Kalkulatu dute lan merkatuaren %10ek utziko lukeela lana urtero, gutxi gorabehera orain Europako Batasunean dagoen langabezia tasa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.