Sodena sozietate publikoak ez dio gehiago eutsi. Diario de Navarra egunkariak gaur kaleratutako informazioaren arabera, Sodenak nahiago izan du esku artean zituen Iberdrolaren akzioak saltzea, kotizazioa gehiago jaitsiko zen beldurrez. Nafarroako Gobernuak urte hasiera honetan ekin zion pixkanakako akzioen salmentari, eta salduak ditu denak.
Akzioen salmenta bidez 154 milioi euro eskuratu ditu, eta guztia Sodenaren 165 milioi euroko zorra ordaintzeko erabiliko dute.
Operazioa ekonomikoki txarra izan da Nafarroako interes orokorrarentzat. 2005eko otsailean Nafarroako Gobernuak Iberdrolaren %1 erosi zuen 173 milioi euroen truke —50 milioi euro esku dirutan eta gainerako 123 milioi euroak mailegu bidez—. Francisco Iribarren orduko Ekonomia kontseilariak adierazi zuen maileguaren %4ko interes tasa Iberdrolaren dibidendu bidez berez autofinantzatuko zela. Gainera, kotizazioaren beherakadaren arriskua estaltzeko, CANek finantza aseguru bat kontratatu zion, eta beste operazio horren kostuari aurre egiteko akzioen aukerak ere prestatu zizkion CANek Sodenari. Bi finantza operazio horiek 91 milioi euroko kostua eragin dute.
Alta, Iberdrolaren akzioak gorenean zeudenean, Sodenaren %20ren jabe zen Nafarroako Kutxa, eta bere partaidetza saldu zuen 2008an; nahiago zuen operazio hori Iberdrolaren akzioen truke eskuratzea. Berehala Iberdrolaren akzioak salduta, 30 milioi eurotik gorako irabazi garbia izan zuen. Nafarroako Gobernuak, ordea, nahiago izan zuen operazioari eustea.
Negozioaren azken emaitza
Hasierako inbertsioa eta finantza asegurua gehituta, 264 milioi euroko kostua izan zuen operazioak. Hala ere, Nafarroako Kutxak Sodenan 2008ra arte zuen %20ko portzentajea kenduta, Nafarroako Gobernuarentzat 211 milioi euroko kostua izan du. Akzioen salmenta bidez 154 milioi euro eskuratu ditu, eta horri Iberdrolaren dibidendu bidez lortutako 75 milioi euro gehitu behar zaizkio. Alta, oraindik argitzeko dago operazio hori dena finantzatzeko eskatutako beste maileguen kostua.
Negozio eskasa izan da. Batetik, 2004ko EHNren salmentatik bildutako diruaren zati bat Iberdrolan inbertitu zelako eta, bestetik, parlamentuak Nafarroako Gobernuari 2008an akzio horiek saltzeko eskatu ziolako Miguel Sanzi, baina horrek ez zien jaramonik egin.
Ekonomia
Sodenak Iberdrolaren akzio guztiak saldu ditu
Akzioen salmenta bidez 154 milioi euro eskuratu ditu, baina duela bederatzi urte egindako inbertsioak ez du errentagarritasunik eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu