Nafarroako Gobernuak agindu zuen ez zuela Espainiako Gobernuak erabakitako errenta zergaren igoera kopiatuko, baina ezin daiteke esan bere bertsioa oso desberdina denik. Hark bezala, zergadun gehienei igo die pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) eta neurri batean, erdiko klaseek jasango dute zamaren zati handi bat. Soldata handiak dituztenei proportzionalki gehiago igo dien arren, igoera adierazgarria jasango dute hilean urtean 17.000 eta 30.000 euro gordin irabazten dituztenek, hau da, hilero 1.000 eta 1.700 euro artean soldata garbia dutenek. Tarte horretan, handiagoetan ez bezala, ez du bereizketarik egin Nafarroak, eta guztiei, %28tik %29,5era igo die errenta zerga. Gainera, igoera oro har progresiboa bada ere, tarte horretan egiten du taulak jauzi handien.
Espainiako Gobernuaren ispilua erabili zuen Alvaro Miranda Ekonomia sailburuak, atzo, PFEZaren taula berriak azaltzeko egindako agerraldian. Madrilek erabakitakotik urruntzen saiatu zen uneoro, eta horrela ziurtatu zuen Nafarroan igoera «progresiboagoa» zela eta, batez beste, Espainiak erabakitakoaren bi heren inguru dela.
Berez, Nafarroa ez zegoen behartuta errenta zerga igotzera, zerga autonomia baitu. Baina Iruñeko gobernuak hala egitea erabaki du, argudiatuta legeak esaten duela bi lurraldeetan zerga presioak antzekoa izan behar duela. Hori dio legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuetan ere, baina hiru diputazioek ez dute Nafarroako Gobernuak bezala jokatu: Arabak eta Bizkaiak ez dituzte tasak aldatu, eta Gipuzkoak errenta handienak dituztenei besterik ez dizkie igo. Hori bai, hirurek ezabatu egin dituzte errenta apalenei iaz arte eman zizkieten 400 euroko zerga kenkariak. Egia da, era berean, aldundiek abenduaren 31rako prest izan behar zituztela zerga erreformak, eta Espainiako Gobernuak abenduaren 29ra arte itxaron zuela aldaketak iragartzeko.
Behin-behineko igoera
Zergak igoko zituela iragartzean, Nafarroako Gobernuak aldarrikatu zuen gogo txarrez egiten zuela, Espainiak behartuta. Azken adierazpenetan, baina, aitortu du zergak handitu beharra duela jarduera ekonomikoaren moteltzea diru sarrerak apaltzen ari delako. Agian horregatik, Mirandak azaldu du taula berriak behin-behinekoak direla, eta 2012. eta 2013. urteko aitorpenei soilik ezarriko zaiela. Otsaileko nominatik aurrera antzemango da.
Oso irabazi apalak dituztenak baizik ez dira zerga igoeraz libratuko, hau da, urtean 3.825 eurotik azpiko irabazi gordinak dituztenak. 55.895 dira, zergapekoen %15,73. Orain arte bezala, %13 pagatuko dute.
Irabazi handiagoak dituztenen artean tarte berriak sortu ditu Nafarroak. Horrela, aurretik %42 pagatzen zuten 45.480 eta 88.000 artean irabazten zituzten 11.505 lagunek; aurrerantzean, %42,5 ordainduko dute 53.400 euro artekoek; eta %45, hortik gorakoek.
Piramidearen goialdean ere izango dira berritasunak. Orain arte, %44koa zen gehienezko zerga tasa, eta 125.000 eurotik gorako irabaziak aitortzen zituzten ia 900 lagunek pagatzen zuten. Aurrerantzean hiru tarte izango dira, eta %49 pagatu beharko dute urtean 300.000 euro patrikaratzen dutenek; 94 dira, iazko datuekin.
Ondorioz, Nafarroako zerga sistema beste euskal lurraldeetakoa baino progresiboagoa izango da. Arabak eta Bizkaiak bost tarte baizik ez dituzte, eta %45 pagatzen dute gehienik. Gipuzkoak zortzi ditu, gehien irabazten dutenentzat hiru tarte berri sortu zituelako Bilduk, PSEk eta Aralarrek abenduan onartutako azken erreformari esker. %49koa da azken tasa, eta 175.000 eurotik gora irabazten dutenek pagatzen dute. Aurten zerga erreforma sakonago bat egin nahi duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bada beste alde bat: erreformaren aurretik gehiago pagatzen zuten errenta handiek Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan; orain, berriz, alderantziz da.
Kapitalaren errenta gora
Kapitalaren errentek ere igo ditu Nafarroak, baina Mirandak nabarmendu duenez, «Estatuan baino gutxiago». Sei mila euro arteko kapitalaren errendimenduak %20ko zerga pagatuko du (puntu bat gehiago); 6.000 eta 24.000 artekoak, %24 (hiru gehiago); eta 24.000 eurotik gorakoek, berriz, %26 (bost gehiago).
Proiektua otsailaren 9an iritsiko da parlamentura, eta egun horretan bertan da onartzekoa, gobernuak nahiko sostengu duelako. Atzo, PSNk defendatu egin zuen erreforma. «PPk Espainiako gainontzeko lurretan ezarriko duen erreformaren gogortasunak praktikan ez du eraginik Nafarroako errenta txiki eta erdikoentzat», ziurtatu du Juan Jose Lizarbe PSNko Parlamentuko bozeramaileak. Adierazpen horren arabera, hilean 1.000 eurotik behera irabazten dutenek dituzte «erdiko errentak».
Bilduk, berriz, ziurtatu du Nafarroako Gobernuak «modu batera edo bestera» Espainiaren erreforma indarrean jarri duela. «Diru sarrerak handitu nahi ditu ekonomia errealean soilik eraginez, baina ekonomia espekulatiboari aurre egin gabe». Horregatik, «zerga erreforma sakona» eskatu du talde abertzaleak.
Erreforma «ausartagoa» eskatu du Ezkerrak ere. Atzo onartutakoa «oso motz geratzen da egoera ekonomikoak eta ongizate estatuak behar dutenarekin alderatuta», ziurtatu du. Gobernuak lanaren errentak zigortzen dituela uste du, bilduko den diru gehigarriaren %75 hortik etorriko delako.
Soldata apalak dituztenei ere errenta zerga igoko die Nafarroak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino progresiboagoa da PFEZ berria, eta tasetan handiena dauka, %49koaIgoera behin-behinekoa da, eta otsaileko nominetan antzemango dute langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu