Ez da Suitza libre merkatuaren aurkako susmagarrien zerrendan sartu ohi diren herrialdeetako bat. Haatik, mugimendu indartsua sortu da han konpainietako zuzendariek jasotzen dituzten ordainak mugatzeko. Banku sekretutik eta munduko elitea herritarren haserretik babesten dituen Davosko babeslekutik urrun, inon baino aurrerago egin dute suitzarrek gehiegizko ordainen aurkako borrokan. Kontrola areagotzeko araua onartzen lehen herrialdeetako bat izan zen, joan den martxoan, eta gaur legedia benetan zorrozteko aukera izango dute, 1:12 egitasmoa onartzen badute.
Zer da 1:12 egitasmoa? Laburbilduz, konpainietako goi kargudunei ordaintzen zaizkien soldatak eta aparteko ordainsariak mugatzeko proposamen bat. Filosofia erraza du: inork ez dezala hilabetean irabaz enpresa horretan gutxien kobratzen duen langileak urtebetean baino diru gehiago. Neurria SP Suitzako alderdi sozialdemokrataren gazte adarrak bultzatu du,Jusok. Bozketa gaur egingo dute, baina, irabazi ala ez, hautsak harrotu ditu.
Suitzan zergatik gertatu den ulertzeko, bi arrazoi hartu behar dira kontuan. Alde batetik, herritarren parte hartze demokratikoa bermatzeko tradizio handia du, handienetakoa Europan. Auzi politikoetan parte hartzeko eta erabakitzeko beste inon baino bitarteko handiagoak dituzte suitzarrek. Esaterako, konstituzioari zuzenketa bat proposatzeko aukera dute, 100.000 herritarrek babestuz gero. Bozkatzeko eskubidea dutenen %2 baino gutxiago da. Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat tramitatzeko 30.000 sinadura behar dira —erroldaren %1,65—, baina horrekin ez dago bermatuta ezta ganberan eztabaidatuko den ere.
Urtero lau bat aldiz bozkatzen dute suitzarrek. Herri ekinaldi legegile horietako bat da 1:12 proposamena. Aurrera ateratzeko, hori bai, gehiengo bikoitza lortu behar du: herrialde osoan boto gehiago izan behar du, baina, hortik aparte, 26 kantonamenduetako gehienetan ere gailendu behar du.
Herritarren haserrea da beste arrazoia. Azken urteotan iskanbila ugari gertatu dira multinazionalek zuzendaritzako kargudunei ordaintzen dizkieten soldaten inguruan. Adibiderik argiena Novartis botika konpainia da. Daniel Vasella buruzagi ohiak 12 milioi euro jaso zituen 2011. urtean. Edonola ere, iritzi publikoa benetan sumindu zuen kontua Vasellari agindutako kalte-ordaina izan zen. Sei urtez lehiakide batean lan ez egitearen truke, 58 milioi euro gehiago agindu zitzaizkion. Zurrunbiloak behartuta, Vasellak uko egin behar izan zion kalte-ordain oparo horri.
Suitzan ezinegon hori ekinaldi legegile bihurtu da. Lehen proposamena martxoan bozkatu zuten. Thomas Minder enpresaburuak sustatuta, enpresen ordainei muga bat ezartzea proposatu zuen. Kasu horretan, burtsan kotizatzen duten konpainiei zuzendutako neurria zen, eta helburua zuzendarien soldata eta aparteko sariak akziodunek erabakitzea zen. Arrakasta sekulakoa izan zen. Herrialde osoan botoen %67 lortu zituen, eta kantonamendu guztietan gailendu zen. Hori bai, Minder berak argi utzi du ez dagoela 1:12 egitasmoaren alde, erradikalegia iruditzen zaiolako.
Beste eskaera bat gutxieneko soldata ezartzeko da. Eguneko 22 franko suitzar (18 euro) edo hileko 4.000 franko (3.200 euro) ordaintzea proposatu du sindikatuen federazioak. Galdeketa heldu den urtean iritsiko da, baina, behintzat, kantonamendu batek neurria martxan jartzea lortu du kanpainak dagoeneko. Neuchatel izango da, 2015. urtetik aurrera, eta eguneko 20 franko izango dira (16 euro).
Eskaeretatik urrun
1:12 kanpainaren bidez exijitzen diren mugetatik oso urrun daude Suitzako konpainia handienak eta multinazionalak. Travailsuisse sindikatuak 2011ko datuen emaitzak plazaratu ditu. Horien arabera, konpainia nagusietako ordain handienak ehunka aldiz handiagoak dira soldata txikienak baino: Roche (236 aldiz), ABB (227 aldiz), Novartis (219 aldiz), CS (212 aldiz) eta Nestle (186 aldiz).
Proposamenaren eraginari buruzko azterketarik osatuena Zuricheko Unibertsitate Teknikoko KOF ikerketa zentroak egin du. 2010eko datuetan oinarrituta, ondorioztatu du Suitzako 1.000-1.300 enpresak ez dutela betetzen 1:12 tartea. Ez da, berez, kopuru handia, herrialdeko enpresen %1,5 baino ez direlako. Muga horietatik kanpo 4.400 exekutibo daude, eta gehiegizko ordainak 1.200 milioi euro ingurukoak dira. Datu esanguratsu bat da enpresen %96tan proportzioa 1:8tik beherakoa dela, eta, batez bestekoa, 1:2,2 baino ez. Hori bai, muga gainditzen duten enpresek enplegu guztiaren heren bat ematen dute, daukaten tamaina handiaren seinale.
Gaurko bozketaren emaitza airean dago. Orain dela hilabete ia parez pare zeuden aldeko eta kontrako iritziak, botoen %44 ingururekin. Gsf enpresak azaroaren 7 eta 12 bitartean egindako beste inkesta batek, ordea, aldekoen portzentajea %36ra jaitsi dela azaldu zuen.
Arrakasta izan edo ez izan, gauza bat behintzat lortu dute galdeketaren sustatzaileek: auzia ahoz aho dabil herrialdean. Denknetz ezkerreko ikasketa zentroak, esaterako, nabarmendu du soldaten hazkunde neurrigabea gertatu dela azken 10-15 urteetan. Urte luzez ordainen arteko proportzioa 1:6 ingurukoa izan zen. Alegia, enpresako soldata txikiena baino sei aldiz handiagoa zen ordain handiena. Aldaketa azkartu egin da azken boladan, ordea. 1990eko hamarkadan 1:13 izatera iritsi zen proportzioa, eta 2007. urterako, 1:56.
Irabazirik handienak dituen populazioak azken 30 urteotan izan duen errenta igoeraz ohartarazi du SGS-USS sindikatuen federazioak. Hala, %1 aberatsenak errentaren %8,4 kontrolatzetik %10,5 kontrolatzera igaro da. Aberatsen artean aberatsenak —populazioaren %0,1— errentaren %2,5 zuten lehen, eta %4,1 dute orain. Halaber, urteko diru sarrerak 116.000 euro handitu ditu %1 aberatsenak; diru sarrera txikiagoak dituzten %90en babez besteko errenta, berriz, 1.500 euro jaitsi da.
Eztabaida polarizatua da, ordea. Kontrako espaloian Avenir Suisse think tank liberalzalea kokatu da. Aberatsen errenta pilaketari buruz, abiapuntua 1979. urtea izatea gaitzetsi du. Alderaketa 1960. urtearekin egin izan balitz, 2000-2009 urteetako batez bestekoarekin oso antzekoa litzateke ehuneko hori. Avenir Suissek aitortu egin du zuzendari batzuek galdua dutela gizarteak espero duen proportzioaren neurria. «Baina horrek politika, iritzi publiko eta etika pertsonalarekin zerikusia du», eta ez ekonomiarekin. Nolanahi ere, ez du begi onez ikusten enpresatik kanpo ordain horiek epaitzea. «Kanpoko esku hartze gordin batek kalte egingo du, mesede baino gehiago», dio elkarteak agiri batean, eta «oso zalantzazkoa» iruditzen zaio zuzendarien soldata txikiagoek batez besteko langilearen ordaina hobetuko dutela esatea.
Galdeketaren kontrakoek ere euren kanpaina propioa aktibatu dute, eta, besteak beste, patronalen eta eskuineko alderdien bultzada du, Ez estatuak agindutako soldatei lelopean. «Mundu guztiarentzat kalamitatea litzateke», argudiatu du plataformaren izenean enpresa txiki eta ertainen elkarteak, orain dela egun batzuk egindako prentsa agerraldian. Kritikoen ustez, enpresa askatasuna eta malgutasuna dira Suitzaren «abantaila nagusiak» beste batzuekin lehiatzeko, eta hori mugatzea «gola geure atean sartzea» litzateke.
Beste eztabaidagai nagusia zerga bidezko diru sarrerak dira. Soldatarik handienak dituztenen %10ek zuzeneko zerga federalen %75 ordaintzen dutela nabarmendu dute.
Horren aurkako argudioa dute 1:12 kanpainaren defendatzaileek. Galera hori ez da gertatuko, zuzendariei ematen zaien dirua ez delako desagertuko. Posible da parte bat gutxiago kobratzen ari diren langileengana iristea, baina, hala ez balitz ere, enpresaren eskuetan geratuko litzateke inbertsioa sustatzeko edo akziodunei ordaina hobetzeko. Enpresen ihesari dagokionez, 1:12 plataformak argudiatu du Suitzaren abantaila handienak langileen kualifikazioa, azpiegitura egpookiak eta, oro har, enpresak bertan kokatzeko giroa hobetzen duten ezaugarriak direla, eta ez soldata handiak ordaintzeko aukera egotea.
Haserre globala
1:12 proposamena da, oraingoz, ekonomia aurreratuen artean egon den saiorik zehatzena zuzendaritza karguen soldatak mugatzeko. Badira, ordea, ordain horien kontrola eta gardentasuna areagotzeko hainbat egitasmo martxan. AEBetan, esaterako, Dodd-Frank legeari jarraituz, enpresak behartuta daude langileen batez besteko ordainaren datua eta zuzendari eragilearen soldatarekin duen proportzioa argitaratzera. Haatik, legeak dioena praktikan nola jarriko den ez du oraindik erabaki burtsaren ikuskatzaileak, SECek. Urrian eta azaroan arauari buruzko iritziak jasotzen ari da SEC. Horien artean, enpresen mundutik presioak izan dira, datu horiek ematearen aurkakoak.
Neurri hori indarrean jartzearen alde buru-belarri ari da lanean AFL-CIO AEBetako sindikatu federazioa. Erakunde horrek mundu osoko datuak bildu ditu, eta konpainietako zuzendari nagusien eta langileen arteko ordainak alderatu. AEBetan inon baino handiagoa da alde hori: zuzendari nagusiek, batez beste, langileek baino 364 aldiz gehiago kobratzen dute. Espainian 127 aldiz dira, eta Frantzian, 104. Suitzaren kasuan, 148 aldiz gehiago jasotzen dute konpainietako buruzagiek, sailkapeneko alderik handienetan hirugarrena.
Nazioarteko erakundeetan ere goi kargudunen soldaten igoeraz ohartarazi dute. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, ordainen desoreka areagotu egin da Frantzia, Danimarka, Espainia eta AEBetan. Exekutiboen ordaina, kasu askotan, krisiaren aurreko kopuruetara itzuli dela nabarmendu du OITk, halaber.
Nazioarteko erakundeen, langileen eta iritzi publikoaren ezinegona ez ezik, gehiegizko ordainek inbestitzaileen pazientzia ere gainditu dute. Atlantikoaren bi aldeetan konpainia handi batzuetako akziodunak matxinatu dira, eta gehiegizko ordainak geldiarazi dituzte; esaterako, Erresuma Batuko Barclays eta AEBetako Citicorp bankuetan. Mugimenduari say on pay izena jarri zitzaion. Alegia, «esan ordainari buruz», azken erabakia akziodunek izan dezaten. Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresetan ez da antzeko mugimendurik. Akziodun gehienek zuzendaritzari eta administrazio kontseiluei emandako ordainak onetsi dituzte. Dena den, ordainari buruzko bozketa horien emaitzak ez dira bete beharrekoak Hego Euskal Herrian eta Espainian burtsan kotizatzen ari diren enpresetan.
Finantza sektoreak du, guztien artetik, mugak izateko aukera handiena. Krisiaren jatorria jakinda eta erreskaterako milaka milioi erabili ondoren, agerian geratu da bankuak ez direla besteak bezalako enpresak. Tesi horri jarraituz, betebehar eta kontrol gehiago jarri beharko zaizkie, baita soldata kontuetan ere. Europako Banku Agintaritza ari da proposamen bat lantzen horren inguruan. Soldata aldakorra ezingo da soldata finkoa baino handiagoa izan. Salbuespena badago EBAk esku artean duen zirriborroan: soldata aldakorra finkoa halako bi izateko, akziodunen bi herenek onartu beharko dute. Tramite gatazkatsua izaten ari da Europako Batasunean, Erresuma Batua gisa horretako mugak jartzeko saio oro trabatzen ari delako.
Euskal Herriari dagokionez, soldata proportzioaren erabilera etikoa defendatu izan du Mondragon korporazioak. Horren baitan, kooperatibetako langileen batez besteko soldataren eta korporazioko buruzagiaren arteko proportzioa asko jota 5,5 aldiz dela