Aarin Foster estatubatuarraren 6 eta 4 urteko alabek brometan esaten diote aitari, ikusten dutenean: «Aitatxok zer itxura daukan ere ahaztuta neukan». Txantxetan esaten diote, baina bikoterik gabeko aitak badaki egia gordin baten isla ere badela. Astean 30 orduz lan egiten du janari lasterren kate batentzat, Chicagon (Illinois, AEB); astetik astera aldatzen dizkiote ordutegiak, eta irabazten duenarekin hiru kideko familia mantendu ezin, eta beste lan batzuetan ere aritzen da geratzen zaion denbora librean, gauean berandu arte. «Etxean sartu, alabei gabon musu bana eman, eta ohera erortzen naiz. Eta istorio berbera errepikatzeko jaikitzen naiz hurrengo egunean», azaldu dio Fosterrek azterketa sozioekonomikoak egiten dituen CAP Amerika Progresista Zentroari. «Alabak egunean lau edo bost minutuan ikustea baino ez dut lortzen».
Egun guztia lanean emanda ere, urtean 9.400 eurotik behera irabazten ditu, Etxe Zuriak hiru kideko familientzat ezarritako 14.152 euroko pobreziaren mugatik dezente beherago.
AEBetako janari lasterraren sektorean, janaria ez eze, beharginen soldatak ere lasterrak direla berresten du Fosterren egoerak. Baina lan kontratua izan arren pobre bizi diren hamar milioi estatubatuarretatik bat baino ez da Foster. Ez da, gainera, egoerarik txarrenean dagoena. Lan ordu bakoitzeko 5,97 euro kobratzen du, horixe delako Illinoisen legezko gutxieneko soldata, baina
AEBetan estatu askok daukate hortik beherako gutxieneko soldata. Izatez, gutxieneko soldata federala 5,25 euro da, baina estatu bakoitzak berea ezar dezake: kopuru horretatik gora edo behera ––eskumako mapak irudikatzen du estatu bakoitzaren egoera––.
Protestak kaleetan
Joan den astean, hain zuzen ere, egun osoko greba egin zuten janari lasterren konpainietako milaka langilek, AEBetako ehundik gora hiritan. Haien oinarrizko eskaria gutxieneko soldata federala orduko 5,25 eurotik 10,86 eurora igotzea da; bikoiztea, langileei bizitza duin bat bermatu ahal izateko. Nolanahi ere, joan den abenduaren 6an greba egin zuen langileetako batek New Yorken; 22 urteko Karina McClainek aitortu zuen ezin izango zuela grebarik egin, Fast Food Forward (Janari Lasterra Aurrera) eta Fight for 15 (15 dolar lortzeko borrokatu) sindikatuen laguntzarik ezean. Sindikatuek 36na euro eman zizkieten protesta egin zuten langileei, lanuztea egin ahal izateko, bizi baldintzak are gehiago okertu barik. «Ordaindu izan ez balidate, ezin izango nintzateke hemen egon», azaldu zuen McClainek.
Arazoa ez da sektorearen diru eskasia, sektorea langileen esplotazioan oinarritzea baizik, Fast Food Forwardek salatu duenez. Janari lasterraren sektoreak urtero 145.300 milioi euroren diru sarrerak sortzen ditu, eta, esaterako, egun bakarrean 18.200 euro irabazten ditu New Yorkeko Burger King edo McDonalds bateko kontseilari ordezkari batek; langile batek urtebetean irabazten duenaren bikoitza (7.986 euro). Ikaragarria da konpainiako goi karguen eta beheko lanpostuen artean dagoen diferentzia.
Gutxieneko txikiegia
AEBetan gutxieneko soldata, batez ere, janari lasterren sektorean, txikizkako merkataritzan eta osasun industrietan ezartzen da. Lehenago esan bezala, gaur egun, orduko 5,25 euro da gutxieneko soldata federala, eta azken igoera 2007an izan zuen: orduko 3,73 euro zen orduan. Dena dela, bizimodua garestitu dela kontuan izanez gero, 2013ko gutxieneko soldata 1968koa baino euro bat eta erdi txikiagoa da, Washingtongo EPI Politika Ekonomikoen Institutuaren arabera.
Hala ere, janari lasterraren sektoreko langileen protestei gogor erantzun die NRA AEBetako Jantokien Elkarte Nazionalak: «Gutxieneko soldata bikoizteak soilik lanpostuak sortzen dituztenen ahalmena txikitzen du». Industriako lobby-aren esanetan, gainera, sektorea ez da bere garairik onenean, nahiz eta urtero milaka milioi euroren irabaziak izan.
Baina badira NRAren argudioak hausten dituzten azterketak ere. Etxe Zuriaren beraren kalkulek diotenez, gutxieneko soldata kobratzen duten langileek gizarte zerbitzuetan eragiten duten gastua 1,2 milioi euro da zerga ordaintzaileentzat; garesti ateratzen direla, alegia. Gutxieneko soldata igota, ostera, milioika langile pobreziatik aterako lirateke, eta AEBetako BPG handitzen lagunduko lukete. Chicagoko Erreserba Federalak azaldu du familien urteroko kontsumoan 34.800 milioi euroko gorakada gertatuko litzatekeela, gutxieneko soldata orduko 5,25 eurotik 6.50 eurora igota.
Aldi berean, garrantzitsua da jabetzea gutxieneko soldata txikiegiak bereziki zein gizarte sektore bultzatzen duen pobreziaren zulora. Pentsa daiteke janari lasterren sektorean lan egiten duten asko eta askoren soslaia dela ikasketak egiten edo amaitu berri dituen seme-alabarik bako gaztearena, baina ez da horrela. Janari lasterretako langileen %70ek hogei urtetik gora dituzte, eta lautik batek seme-alabak dituzte. Era berean, bereziki beltzak eta hispanoek jasotzen dituzte soldata txiki horiek, eta emakumeak dira gehienak.
Lege berria, bidean
Ehunetik gora hiritan egindako protestei esker, beharginen haserrea eta ezintasun larria AEBetako iritizi publikora eta politikara iritsi dira. Hart Research Associates inkesta etxeak aurten egindako inkesta baten arabera, estatubatuarren %80 egongo lirateke gutxieneko soldata igotzearen alde.
Barack Obamak joan den urtarrilean agindu zuen gutxieneko soldata federalaren igoera, AEBetako Kongresuan. Lege proposamena uztailean iritsi zen Senatura, baina oraindik ez da bozketarik izan. Obamaren proposamena da 2015erako gutxieneko soldata orduko 7,30 eurora igotzea eta haren eguneratzea inflazioari lotzea. Protesten harira, joan den asteazkenean berreskuratu zuen gaia presidenteak, eta nabarmendu zuen janari lasterretako langileek «somara lan egin arren» pobreziaren «muga-mugan» bizi direla. Senatua kontrolatzen duten demokratek iragarri dute balitekeela hilabetea amaitu aurretik egitea bozketa. Baina, nahiz eta Senatuaren proba igaro, Ordezkarien Ganberara pasatuko litzateke gero, eta han ez legoke zereginik, Alderdi Errepublikanoaren babesa lortu ezean.