ELAren arabera, ez da egia lan kostuak Europako Batasunean baino gehiago handitu direla. Europako Batzordeak lan kostuei buruz kaleratu duen azken txostenaren arabera, 2005-2012 bitartean Espainian %7,8 hazi dira unitateko lan kostuak, eta %12,4, berriz, eurogunea osatzen duten hamazazpi estatuetan. Euskal Herriko daturik ez dago. Are gehiago, ELAk nabarmendu du Europako Batasun osoan Irlanda, Grezia eta Portugalen soilik igo direla gutxiago lan kostuak. Hori ikusita, Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak honako hau ziurtatu du: "Soldatek gehien galtzen duten lekuetan okerrago dago langabezia, eta horrek patronalaren tesiak hondoratzen ditu".
Soldatak jaisteak "krisia larritu eta herritarrak pobretu" egiten dituenez, ELAk soldaten igoera "bidezkoa eta eraginkorra" eskatzen jarraituko du negoziazio kolektiboan, eta ez du onartuko soldatak jaistea edo izoztea.
EBren datuetan oinarrituta, lanaren errentek pisua galtzen jarraitzen dutela nabarmendu du sindikatuak. Horrela, 2005ean barne produktu gordinaren %62,3 ziren Espainian, eta %56,3 izan ziren 2012an. EBn, berriz, mantendu egin dira: %64,1 ziren 2005ean, eta %64,8 2012an. "Estatuko langileriak euroguneko batez besteko aberastasunaren portzentaje bera jaso izan balu, 4.980 euro izango lituzke soldatapeko langile bakoitzeko".