«Gure lehentasuna saltokiak irekita mantentzea da, lanpostuak ere bermatzeko. Horretarako kostuak kontrolatu behar ditugu, eta soldata kostuak ere hor sartzen dira». Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiaren hitzak dira. Haren arabera, ezinezkoa da sindikatuek eskatutako soldata igoerak onartzea.
Abenduan agortu zen ostalaritzako lan hitzarmena Gipuzkoan. Berria ari dira negoziatzen, baina arlo ekonomikoan ez dira ados jartzen. Presio neurri gisa, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk grebara deitu dituzte sektoreko langileak ostiralerako, Zinemaldiaz baliatuta. KPI+%0,75eko soldata igoera eskatzen dute—hasieran KPI+%2—, baita hobekuntza ekonomiko gehiago eta lanordu gutxiago ere. Patronala ez dago ados. Hiru urteko iraupeneko hitzarmena nahi du hark, eta aurten soldatak KPIaren erdia igotzea proposatzen du, datorren urtean KPIaren %0,75 eta 2013an KPI adina. Beraz, hitzarmen horrekin, eros ahalmena galduko lukete langileek. Azken 20 urteetako «proposamenik okerrena» iruditu zaie sindikatuei. Martinezen arabera, «egoera ekonomikoa ere azken 20 urteetako okerrena da».
Udan hotelak beteta egon direla, Donostia 2016ko kultur hiriburua izango dela, inoiz baino kongresu gehiago antolatzen direla eta egungo bake giroaren eraginez etorkizunerako aurreikuspenak onak direla azaldu zuten sindikatuek grebarako deialdian. Argumentu horiei erantzun die Martinezek. Turismoak ostalaritza sektorean duen eragina oso txikia dela aipatu du, eta herri gutxi batzuetan kontzentratzen dela. «Ezin da erreferentziatzat hartu hitzarmen orokor bat negoziatzeko orduan». Eustaten arabera, ostalaritza sektoreko enpleguaren %12,72 osatzen du turismoak Gipuzkoan.
Martinezen esanetan, bertakoen kontsumoari esker bizi dira sektoreko enpresak, eta azken urteetan gainbehera handia jasan dute. «Kontsumo ohiturak asko aldatu dira krisiaren eraginez: taberna, jatetxe eta kafetegiek 36 hilabete daramatzate atzeraldian. 2008ko apiriletik, %16 jaitsi da negozio bolumena. Hori da errealitatea».Hoteletako bezero kopuruak gora egin duela aitortu du Martinezek, baina turisten kontsumoa ere «drastikoki» jaitsi dela dio. Hala, azpisektore horretako fakturazioa ere 2006ko mailan dagoela azaldu du, ostatuek, besteakbeste, salneurriak merkatu behar izan dituztelako.
Egoera ekonomikoa ikusita, kongresu gehiago antolatuko direnik ez du uste Ostalaritza elkarteak. Donostia 2016ko kultur hiriburua izateak ere ez dituela gauzak asko aldatuko dio Martinezek. «Norbaitek badaki zein den aurtengo Europako kultur hiriburua?», galdetu du.
28ko bilerara, agian
Aurrera begira, jarduera tasak behera egingo duela uste dute ostalariek,krisiagatik batez ere. Tabakoaren legeak ere kalte handia egin diela azaldu du Martinezek. «Etxeak eta ostalaritzako beste formula batzuk lehiakide zuzen bihurtu zaizkigu. Gaueko aisialdia ere luxuzko produktu bihurtu da». Hala, soldaten igoera geldiaraztea ezinbestekotzat jo du. «Beste sektoreak ere hala ari dira egiten. Hitzarmen berrietan, batez beste, %1,6 igo dira soldatak».
Grebak ez duela jarraipen handirik izango uste du. «Ostiralean negozioak normaltasunez irekitzea espero dugu. Ez gaude asteburuko lanegun bat galtzeko moduan». Aste honetarako ez dago aurreikusita bilerarik sindikatuekin. Hilaren 28an dira elkartzekoak, baina patronalak ez du ziurtatu joango denik. «Baloratu egin behar dugu bilera mantentzea komeni den edo ez. Ez dakigu zer egingo dugun».
Martxoaren 22an hasi ziren lan hitzarmen berria negoziatzen, eta orain artean zortzi aldiz bildu dira. Uztailaren 15etik irailaren 7ra etenda egon dira hartu-emanak. Sindikatuek bi protesta ere egin dituzte.
Soldatak kontrolatzea ezinbestekoa dela diote Gipuzkoako ostalariek
Lan ituna negoziatzeko orduan erreferentzia gisa ezin dela turismoa hartu esan dute, sektorearen parte oso txikia delako huraProposamena azken urteetako okerrena dela aitortu dute, «egoera ere hala delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu