Negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Joan den urtean hamar langiletik sei geratu ziren lan ituna berritu ezinik, eta aurten joera bera dago. Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) emandako datuen arabera, 455.000 lagunentzako akordioak gaurkotu behar dira, eta maiatza arte ia 13.000 langilerentzako arau berriak baino ez dira adostu. Hala, bi herenek itunik gabe segitzen dute.
Joan den urteko egoera soziolaboralari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Tomas Arrieta LHK-ko presidenteak, eta 2011 urteko lehen bost hilabeteei buruzko aurrerapena eskaini zuen. Azken hiru urteak ekonomiarentzat «oso zailak» izan direla nabarmendu zuen Arrietak, eta aurten hobekuntza «arina» gertatu bada ere, ez dela lan merkatua suspertzeko adinakoa izaten ari deitoratu zuen.
Lanpostuak sortzeko behar diren baldintzak aztertzen saiatu da kontseilua. Azken 25 urteetako datuak alderatuta, okupazioa handitzeko ekonomiak %1,6 hazi behar duela kalkulatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Bultzada handiagoa beharko litzateke langabezia murrizten hasteko, ordea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina %2,6 handitu beharko litzateke, LHKren arabera. Beste erakunde batzuk egin dituzten kalkuluetan baino kopuru nabarmen handiagoa da. Euskadiko Kutxak edo BBVAk, esaterako, %1,5 inguru aipatu izan dute.
Enpleguaren inguruan ere lan merkatuaren erreformak ez dituela bere helburuak lortu azaldu zuen Arrietak. Helburuetako bat lanpostu egonkorrak sustatzea zen. Aldiz, kontratu mugagabea eta aldi baterakoa duten langileen ehunekoak oso antzekoak dira 2009 urtetik. Langileen %20k ez du kontratu finkorik, eta beste %3 kontraturik gabe ari da.
Gatazkak gora
Krisiak eta negoziazio kolektiboan izandako ezadostasunek lan arloko gatazkak biderkatu dituzte. Joan den urtean 180.000 lan jardunaldi galdu ziren lanuzteen ondorioz, 2010 urtean baino 55.000 gehiago. Benetako kopurua askoz handiagoa da, gainera, ez direlako kontuan hartu egindako greba orokorrak, sektore publikoan deitutakoak, edo Gipuzkoako metalgintza arlokoak.
Preco akordioaren bidez 454 gatazka bideratu dira. Negoziazio kolektiboaren erreformak prozeduraren erabilera handituko duen ez du argi Arrietak.
Soldatapekoen bi herenek lan ituna berritu gabe dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Lan Harremanen Kontseiluak kalkulatu du %2,6 haztea beharrezkoa dela langabezia jaisteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu