Negoziazio kolektiboa

Soldatari eta lanaldiari eusteko akordioa eskaini die Arabako SEA patronalak sindikatuei

Soilik herrialdeko enpresen %4 ari dira bete-betean lanean, eta %14k baino ez dute espero aurten emaitzak hobetzea.

Ivan Santamaria.
2013ko ekainaren 4a
11:41
Entzun

Herrialde mailako sektore itunak berritzeko "apustu sendoa" egin duela ziurtatu du Arabako SEA patronalak. Hala, negoziazio mahai guztietan akordio bat eskaini die sindikatuei gaur egungo lan baldintzei bere horretan eusteko. Patronalak ziurtatu du itunen eduki funtsezkoenak, soldata eta lanaldia barne, berdin jarraitzea proposatu duela. Haatik, akordioa trabatzen ari den arazoa langileen ordezkariek egin nahi duten "lan kontrarreforma" dela argudiatu du Juan Ugarte SEAko idazkari nagusiak. Ultraaktibitatea luzatzeko, ituneko baldintzak bertan behera uzteko aukera kentzeko, enpresa itunen lehentasuna mugatzeko eta lanaldiaren banaketa ez malgutzeko neurriak eskatzen ari dira sindikatuak, eta jarrera hori da, Ugarteren irudiko, uztailaren 7a baino lehen itunak gaurkotzea eragozten ari dena. Azken lan erreformari jarraituz, egun horretarako berritu ez diren itun kolektiboen baldintzak bertan behera geratuko dira, eta langileari Espainia mailako pareko itunaren edo oinarrizko lan legediaren baldintzak ezarriko zaizkio.


Bihar egingo duen batzar orokorraren eta azken industria barometroaren berri eman du gaur Arabako patronalak, Gasteizen. Pascal Gomez SEAko presidentearen ustez, "gordina eta gogorra" da oraindik egoera ekonomikoa. Hainbat datu eman ditu ideia hori azpimarratzeko. Arabako enpresen eskaera zorroa %52 murriztu da 2009. urtetik, eta fakturazioak %38 egin du atzera. Patronalak egindako azken inkestaren arabera, enpresen %65k uste dute merkatua atzeraldian dagoela. Hori nabaritzen ari da jardueran. Enpresen %62an produkzioa %40 eta %70 artekoa da, eta  soilik %4 ari dira bete-betean lanean. Lehen hiruhilekoan ikusitako emaitzen ondoren, enpresaburuen %14k soilik espero dute aurtengo emaitzak 2012. urtekoak baino hobeak izatea.


Arabako Enpresaburuen Elkarteak 35 urte bete ditu aurten. Bihar, batzar orokorra egingo dute bazkideek, eta, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartuko du ekitaldian. Gaur egun, SEAk 1.112 bazkide ditu herrialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.