2012rako agindutako zerga sistemaren erreforma sakonagoa sozietate zergarekin hasi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Enpresek zerga gutxiago pagatzeko ezartzen zaizkien kenkarien goitik beherako moldaketa proposatuko du aldundiak datorren astean. Kenkari eta zerga onuragehienak kendu nahi ditu, «zerga bilketa [enpresek] lortutako errentarekin parekatze aldera». Hau da, enpresek bere irabazietatik zerga gehiago pagatzea nahi duela. Gehiago ordaindu behar dutenen artean kooperatibak daudela ere iradoki du.
Aldundiak uste duenez, sozietate zerga sinpleagoa behar da, gaur egungoak zerga ingeniaritza sustatzen duelakoan. «Gaurko arauak, politika ekonomikoaren tresna gisa erabili nahi denez, behar ez den kasuistika sortzen du, araudia konplikatzen du eta lortu nahi zuenaren aurkakoa lortzen du, hots, ahalmen ekonomiko handien duten enpresek ahalmen txikiagoa dutenek baino gutxiago pagatzea». Ogasun Departamenduak dio sozietate zerga baliabide publikoen gutxitzeari moldatu behar dela. Eta iruditzen zaio zergaren ordainketa atzeratzeko aukerak enplegua sortzeari edo eusteari lotu behar zaizkiola.
Inbertsioak zerga politikarekin laguntzeari dagokionez, Aldundia ez dago oso gustura oraingo sistemarekin, uste baitu atzerrian sortzen den enplegua sustatzen duela bertako zerga bilketaren kaltetan. «Gauza bat da gure enpresak atzerrira ateratzea merkatuak bilatzera, eta beste bat nazioartekotze hori finantzatzea gure zerga oinarriari kalte eginez».
Krisia hasi zenetik, amildu egin da sozietate zergaren bilketa Gipuzkoan. 2007an jo zuen goia, 556 milioirekin; iaz, berriz, 243 milioibaizik ez ziren bildu.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek datorren asteartean ekingo diote zerga sistemaren erreformari. Hauek dira Ogasun eta Finantza Departamenduak egingo dituen zenbait proposamen:
Finantza gastuak
Gipuzkoako Aldundiak auzitan jarri du finantza gastuengatik ematen den zerga kenkaria. Gaur egun, enpresek pagatzen duten zerga txikitu dezakete beren inbertsioak finantzatzeko dirua mailegatzen badute. «Horrek dakar enpresek funts propio eskasak edukitzea eta mota guztietako inbertsioak mailegatutako funtsekin pagatzea». Aldundiak uste du egoera horrek enpresak gehiegi zorpetzeraeta krisia datorrenean porrot egitera bultzatzen dituela. Gainera, kexu da kenkari horrek beste ondorio bat duela: atzerriko hedapena maileguekin finantzatzen denean, mailegu horien gaineko interesak enpresa nagusiaren gastutzat jotzen diren bitartean, filialen irabaziek beste herrietan pagatzen dituzte zergak. «Hau da, zerga horren egiturak dakar zerga oinarria jaisteagatik galtzen diren funts publikoak lanpostuen sorrera finantzatzea atzerrian».
Berrinbertsioak
Gipuzkoako Aldundiak uste du berrinbertsioengatik ematen diren zerga salbuespenek «zerga ingeniaritza handia» ekartzen duela, egindako inbertsioa ia osorik zergarik ez pagatzeko aukera ematen duelako. Horregatik dio «gomendagarria» litzatekeela bere hasierako helburura itzultzea, hots, irabazia material berrian inbertitzen duten enpresei laguntzea.
Berrikuntza eta I+G
Ogasun departamenduak nabarmendu du Ikerketa eta Garapenagatik (I+G) kenkari handiak ematen direla eta haien gaineko kontrola oso zaila dela. Kontrol eskasa ikusten du berrikuntza teknologikoengatik ematen dien kenkarietan ere, besteak beste, kontsultore pribatuek erabakitzen dutelako zer den berrikuntza eta zer ez. Kenkariak kontrolatzeko neurriak beharrezkoak direla uste du. Berrikuntza ez-teknologikoei dagokienez, «horren definizioak hain zabalak dira, enpresan edozein hobekuntza egiteak balio baitezake kenkaria jasotzeko. Gipuzkoan soilik ematen denez eta kontrolatzeko zaila denez, kendu beharko litzateke».
Kooperatibak
Zuzen-zuzenean kooperatiben gaineko arauak aldatzea proposatu ez badu ere, aldundiaren lan txostenak nabarmentzen du enpresa horiek besteek baino zerga txikiagoak pagatzen dituztela, eta zerga bilketan ondorio «nabarmena» dutela. Berez, irabazien %20 zerga gisa pagatu beharko lituzkete, baina benetako tasa %4,3 da. «Egia da, era berean, soberakinaren zati handi bat berriro inbertitzeak kenkari handiak ekartzen dizkiela eta, ondorioz, oso tasa txikia dutela».
Erregimen bereziak
Gipuzkoako Batzar Nagusietako ikerketa batzorde batek ondorioztatu zuen Enpresak Sustatzeko Elkarteak zorrotzago arautu behar zirela, eta ados dago aldundia, ondorio handiak dituztelako zerga bilketan. Horietako bat izan du Gipuzkoan oraintsu arte Rafael Nadal tenislariak, eta horrela lortu du publizitatearen bidez jasotako diru sarrerek ia zergarik ezpagatzea.
Zergaren kudeaketa
Sozietate zergaren kanpaina eta errenta zergarena batera egiten dira. Enpresa batzuek eta profesional batzuek eskatu diote aldundiari beste garai batean egitea. Gainera, ongi deritzo ordainketak zatikatu ahal izatea, aldundiari diruaren zati bat lehenago izatea ekarriko liokeelako.
Sozietate zergaren kenkari gehienak kendu nahi ditu Gipuzkoak
Enpresek beren irabazietatik zerga gehiago ordaintzeko bideak proposatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, astearteanGehiago pagatu behar dutenen artean kooperatibak daudela iradoki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu