Oinarrizko errenta

Suitzarrek ezezkoa eman diote oinarrizko errentari

Herritarren %23k bozkatu zuten herritar guztiei 2.250 euroko errenta ematearen alde

Oinarrizko errentaren aldekoak, Basilean. ALEXANDRA WEY / EFE
Iker Aranburu - Jon Fernandez
2016ko ekainaren 6a
10:20
Entzun

Herritarren aldetik nahiko babesa ez jaso arren, pozik zegoela aldarrikatu zuen erreferendumaren sustatzaileen bozeramaileak, Che Wagnerrek. "Hasiera besterik ez da izan", esan zuen Wagnerrek, "batez ere boto emaile gazteek nahi dutelako eztabaidak aurrera jarraitzea".

Uste baino boto gehiago bildu dituztela ziurtatu dute oinarrizko errentaren aldeko taldeek, eta garaipen handitzat jo dute gaia agendan jartzea.

Lotura politikorik gabeko herritar talde batek galdeketaren aldeko 126.000 sinadura biltzea lortu zuen 2013an, eta horren ondorioz  oinarrizko errenta unibertsalari buruz erreferenduma egiten munduko lehenengo herrialdea bihurtu zen Suitza, igandean. Gobernua, parlamentua eta alderdi ia guztiak ere, Berdeak eta Ezkerra izan ezik.

Suitza lehena, baina ez bakarra

Azken urteetan, hala ere, oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko mugimendua indartzen ari da nazioartean, batez ere lan merkatuaren robotizazioari aurre egiteko erantzun gisa. Enpleguaren automatizazioaren ondorioz denentzako lanik ez dela egongo ohartarazi dute adituek, eta, aterabide moduan, oinarrizko errenta unibertsala ikusten dute askok: pobrezia saihesteko, geroz eta langile zergapeko gutxiagorekin eramanezina litzatekeen ongizate estatuari eusteko, lan merkatua orekatzeko, eta ordaindu gabeko lanak egitea errazteko —umeen eta nagusien zaintzan, adibidez—. Brasil, Kanada, Finlandia eta Herbehereetako gobernuak, esaterako, aztertzen ari dira oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko aukerak eta moduak.

Igandeko galdeketan ezezkoak irabazi arren, proposamenaren sustatzaileen ustez jadanik garaipen bat da Suitzako gizarteak gaia agenda politikoaren lehen lerrora eraman izana eta oinarrizko errentaz eztabaidatu izana. Estatuak helduei hilero 2.250 euroko oinarrizko errenta ordaintzea zen proposamena —hilean 7.045 euro da batez besteko soldata—, eta 625 eurokoa adingabeei.

Sistema bideraezina dela argudiatu dute aurkariek. Guztira, 188.000 milioi euroko kostua ekarriko luke administrazioarentzat, BPGaren %35ekoa, eta Suitzako gobernu federalaren urteko aurrekontuaren halako ere. Burokrazia asko txikituko lukeela aitortu du gobernuak, gizarte laguntzak ezabatuko bailituzke: langabezia saria, kasurako. Baina, kostu osoa finantzatzeko, gobernuak esan du aurrekontuak murriztu beharko lituzkeela, eta zergak igo. Oinarrizko errenta lanaren gaineko zerga igota finantzatu ordez finantza transakzioen gaineko zergak eta ordenagailuen gaineko zergak ezartzea proposatu dute galdeketaren sustatzaileek.

Kontrakoek, ordea, adierazi dute alferrak egiteko makina dela oinarrizko errenta, baina inkesta batek ondorioztatu du soilik suitzarren %2k utziko luketela ordainpeko lana errenta izanez gero. Suitzan baino onarpen handiagoa luke errenta unibertsalak handik kanpo. Dalia Researchen inkestaren arabera, EBko herritarren %64k bozkatuko lukete oinarrizko errenta unibertsalaren alde: %71k Espainian; %60k Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan; eta %58k Frantzian. Herrialde horiek, ordea, ez dute Suitzaren erreferendum tradiziorik.

Oinarrizko errentari buruz ez ezik, beste gai batzuei buruz erabakitzeko eguna zuten atzo suitzarrek. Horietako batean, herritarren %68k baztertu zuten enpresa publikoak irabazirik gabeko erakunde bihurtzea; modu horretara haien buruzagien soldatak jaitsi ahal izango zituztela defendatu dute neurriaren aldekoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.