Erlaxatzeko Sumial hartzea gomendatu zuen Etxaniz Rojok Maratilan; botika lasaigarri hori ekainean asko erabiltzen omen delako hilabete honi «sumial hila» deitzea proposatzeaz bat. Txerritxo ehiztariek bederen, atzo hartu zuten euren (gain)dosia. Sumial pilula Filadelfiatik etorri zen: bertako manufaktura indizea azken bederatzi hilabeteetako erritmo apalenean ari da jaisten. Atzeraldia gainditzear gaudela ondorioztatu zuten ehiztariek eta lasaitu. Erosketek %1,09 bultzatu zuten Ibex-35; lasaitu bai, baina euforiarik eragin gabe, beraz. 2.127 milioiren salerosketarekin, Santander (+%2,43) eta %1na pasa irabazi zuten BBVA eta Edurnezuri nabarmendu ziren. Iberdrolak (+%0,9) bezperako azterketaren zama pittin bat arindu zuen eta Endesa, Enagas nahiz OHL %3na pasa igo ziren. CAC-40 (+%1,04) ere lasai agertu zen, Bouygues (+%4,38) eta EDFren (+%3,09) irribarre erlaxatuekin. SocGen, Vivendi, Axa eta Arcelor ere %2na pasa igo ziren.
Berankortasuna. Espainian %4,42ra iritsi da maileguen berankortasun tasa, azken hamahiru urteotako mailarik altuenera. Berriki rating etxeek Espainiako hainbat erakunderi, Euskadiko Kutxari eta Vital aurrezki kutxari kalifikazioa jaitsi izana zuzenean dago lotuta datuarekin. Espainiako Bankuaren ardurapeko aurrezki kutxek emaitza kaskarragoak dituzte (%5,04ko berankortasuna), bankuek (%3,81) edota mailegu kooperatibek (%3,78) baino. Bada egungo aurrezki kutxa kopurua erdira jaitsi beharko dela aurrikusten duenik. Eta blego kopurua %6 inguru murriztuko da aurten.
Sumial hila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu