S&Pk onartu du xantaia egin diela Europako agintariei: euroguneko herrialde gehienei kalifikazioa jaisteko mehatxua egin die, biharko eta etziko goi bileran neurri «eraginkorrak» eta «sinesgarriak» hitzar ditzaten. S&Pk susmoak eta zalantzak areagotu ditu, eta agintariak probokatu.
Zein da S&Pren mehatxua?
Luzera begirako zorraren kalifikazioa jaitsiko diela euroguneko hamabost herrialderi. Tartean daude herrialde fidagarrienak, kalifikazio gorena (AAA) dutenak: Alemania, Frantzia, Herbehereak, Austria, Finlandia eta Luxenburgo. Hamar herrialderi, Frantziari barne, bi koska jaitsiko lieke kalifikazioa; bosti, berriz, koska bat.
Erabakia harrigarriaal da?
Bai eta ez. Bai, politikariei ardura falta eta krisia okertzea leporatzen dien erakunde batek herenegun egin zuelako mehatxua, hain justu Merkelek eta Sarkozyk neurriak iragarri zituzten egunean. Erabakia, dena den, ez da hain harrigarria, kalifikazio agentziek krisian izan duten jarrera ikusita.
Zergatik hartu du erabakia?
Asteotan handitu egin delako euroguneko «estres sistemikoa», bost arrazoigatik: maileguak emateko baldintza gogorragoak; arrisku sarien igoera; Europako agintarien etengabeko desadostasunak krisiari erantzuteko; gobernuen eta herritarren zorpetze handia; eta 2012rako atzeraldi arriskua, baita herrialde indartsuenetan ere.
Zergatik orain?
Arrazoiak ez dira berriak, baina S&Pk lotsarik gabe onartu du Europako agintarien biharko eta etziko goi bilerari begira hartutako neurria dela, erabakiak baldintzatzeko. Erantzun «sinesgarria» eta «eraginkorra» hitzartzen ez badute, kalifikazioa behera.
Zer proposatu du?
S&P agintariei zer egin behar duten esatera ausartu da. Arazoak dituzten herrialdeek gastu publikoa jaitsi, esportazioak sustatu eta lan, produktu eta zerbitzu merkatuak malgutu. Greziari, Italiari, Espainiari eta Belgikari esan die orain onartu behar dituztela erreformak, «merkatuekindituzten ogi ezteiek dirauten bitartean». Kalifikazio agentziak nabarmendu du erreformek orekatuak izan behar dutela, neurritasunak bakarrik ez duelako ekonomia suspertzen.
Europako Banku Zentralak (EBZ) «neurri oldarkorragoak» hartzearen alde dago S&P, betiere mesede egingo dien herrialdeek erreformak egiteko konpromiso «sendoa» eta «sinesgarria» hartzen badute. Eta diziplina fiskala areagotzen bada.
Nahikoa al da herenegungo akordioa?
S&Pk zuzenean ez du bere iritzia eman Alemaniako kantzilerraren eta Frantziako presidentearen arteko akordioaz. Baina badio aurrekontuen kontrola eta konpromiso fiskalak behar direla. Merkelek eta Sarkozyk, hain zuzen, neurritasuna arau bihurtu nahi dute.
Zer erantzun diote?
«Gehiegizkoa» eta «bidegabea» dela erantzun dio Jean-Claude Juncker euroguneko Finantza ministroen taldeko buruak S&Pri. Christian Noyer Frantziako Bankuko presidentea ere haserre dago kalifikazio agentziarekin. Faktore politikoak ekonomikoak baino aintzatago hartzea leporatu dio. «Kalifikazio agentziak izan ziren krisiaren bultzatzaileetako batzuk 2008an», Noyerren esanetan. «Ez al dira orain ere rol hori jokatzen ari?», galdetu du.
Kalifikazio agentzien erabakiak haien erantzukizuna direla baino ez du esan Merkelek. WolfgangSchaueble Alemaniako Finantza ministroak onartu egin ditu, bai erabakia, bai S&Pren presioa. Biharko eta etziko goi bileran «erabaki zuzenak» hartzera bultzatuko dituela onartu du.
Zer gertatu da merkatuetan?
Ez dira aztoratu, baina S&Pk herenegungo baikortasuna zapuztu du. Burtsa nagusiek igoera edo jaitsiera txikiak izan zituzten atzo. Zor merkatuetan arrisku sariak igo egin ziren, Frantziarena batez ere.
Eta zer gertatuko da EFSFrekin?
S&Pk urrats bat gehiago egin zuen atzo. Urrats logikoa: EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren —erreskate funtsa— kalifikazioa jaistea. EFSFren zor bonuek A hirukoitza duten herrialdeen bermea baitute.
Zorraren krisia. Goi bileraren atarian
Susmoak & Probokazioak
Standard & Poor'sek onartu du Europako agintarien erabakiak baldintzatzeko egin duela kalifikazio jaitsieraren mehatxuaKalifikazio agentziaren eskaerak bat datoz Merkelen eta Sarkozyren proposamenekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu