Atzo goizean, Urnietako Erratzu industrialdera iritsi ahala, urrunetik ikusten zen ke adar luzeak eta sudur-eztarriak narritatzerainoko erre usainak argi adierazten zuten bezperan piztutako sutea handia izan zela. 22:00ak inguruan piztu zen sua Esnelaten —Iparlat taldearen enpresa da, briketan ontziratzeaz arduratzen da—. Hainbat langile ari ziren lanean, baina inor ez zen zauritu. Garrak kontrolpean hartu zituztenetik hainbat ordu igaro ziren arren, goizeko hamaiketan lanean segitzen zuten oraindik suhiltzaileek, txinpartarik txikiena sor ez zedin adi, tarteka-tarteka garabi batekin ura jaurtitzen.
Suak hondatutako lantegiaren zatira asko hurbiltzerik ez zegoen, baina eraikinean bertan ere nabarmenak ziren hondamendiaren arrastoak: erredura zantzuak han eta hemen, beroaren eraginez bihurritu eta amildutako egiturak, eta fatxada nagusiko Kaikuren logotipo ezaguna belztuta.
Sarreraren inguruan, berriz, 40-50 langile: elkarren artean hizketan, tarteka lantegi aldera begira, ke adar handiari hurrena, iristen ziren kamioi gidariak agurtzen, kazetariei harrera egiten, eskuko telefonoz norbaiti bati azalpenak ematen… Oro har, kopetilun, eta, oro har, kezkatuta, ez zekitelako zer erabaki hartuko zuen enpresak.
Enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du. Eguerdian egin zuten bilera zuzendaritzak eta langile batzordeak. Gertaerak ezustean harrapatu ditu batzuk zein besteak, eta xehetasun handirik ez dute eman oraindik. Kalteak ikusita, enpresak gutxienez hilabete egon beharko duela itxita uste dute.
«Oraingoz epe jakinik gabekoa da espedientea, eta langile guztioi eragingo digu», esan du Alfonso Martinek, LABeko langile batzordeko ordezkariak. Ekoizpen guneari ez dio hainbesteko kalterik egin suak; aitzitik, kableak eta biltegiratze gunea suntsitu egin ditu. «Baliteke, beraz, batzuk bi asterako itzultzea lanera eta besteak, berriz, bi hilabetera».
Eskaera bakarra egin diote oraingoz langileek Iparlati: posible den lanetan enpresako langileak eurak aritzea, espedienteak ahalik eta jende gutxienari eragiteko. «Ez du ematen arazorik egongo denik», dio Martinek. 200 pertsonak lan egiten dute Esnelaten. CCOOko lau ordezkarik, ELAko hiruk eta LABeko bik osatzen dute langile batzordea. Bost eguneko epea dute orain negoziatzeko. «Ahal den akordiorik onena lortzen saiatuko gara, denbora azkar pasa dadila eta ea lehenbailehen itzultzen garen lanera».
Urnietakoaz gain, beste hainbat enpresa ere baditu Iparlatek. Gertuena Renedon (Kantabria, Espainia). Ekoizpenahara ematea, ordea, ezinezkoa dela esan du Manuel Arbidek, Iparlat taldeko presidenteak. Izan ere, Gipuzkoako lantegian briketan ontziratzen daude espezializatuta —esnea, esnegaina eta salda batez ere—, eta Renedon, botiletan. Hala ere, hainbat enpresa lehiakidek eskaini diote laguntza; Pulevak, Pascualek eta Central Lechera Asturianak, kasu. Arbidek eskerrak eman dizkie, eta dagoeneko hasi direla negoziatzen adierazi du.
Lanez leporaino zebiltzan egunotan Esnelaten. Izan ere, ekoizpenaren %75 pasa Mercadonari saltzen diote, eta harentzat Gabon ingurua izaten da salmentetarako oparoena. «Larunbatetan ere lanera joanez genbiltzan. Ea orain nork ematen dion esnea... Baliteke etorkizunera begira kalte egitea suteak», esan du Martinek.
Baserritarrak, beldurrez
Dena den, Iparlateko langileak ez dira sutearen eraginak nozituko dituzten bakarrak. Banaketaz, kasu, SDA menpeko enpresa arduratzen da. Autonomoak dira horko langile guztiak, 35 inguru. Deskargak egiten zituzten gunea guztiz erreta geratu da.
Kezkatuta joan ziren lantegira baserritarrak ere. Esnelatera eramaten dute esnea Gipuzkoako esnegile guztiek, eta baita Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako zenbaitek ere. «Esan digute bilketa bermatuko digutela eta beste enpresaren batean ontziratuko dutela», adierazi du Eneritz Otamendik, Gipuzkoako EHNEko presidenteordeak. Esnea jasoko dietela jakiteak zertxobait lasaitu ditu, baina ez guztiz. «Normal bilduko digutela esan digute, baina normal pagatuko diguten da gure kezka». Enpresak suteak eragindako gastuak prezioak jaisteko aitzakiatzat erabiliko dituen beldur da sindikatua. «Lehen ere Europan gutxien kobratzen dugunak gara, eta gehiago jaitsiz gero, baserri askok itxi beharko dute».
Sutearen kalteei aurre egiteko espedientea aurkeztu du Esnelatek
Zuzendaritzak uste du gutxienez hilabetean egongo dela itxita enpresa; oraindik ez dituzte zehaztu dosierraren baldintzakEsnea biltzen segituko dute, baina beste enpresa batzuetara eramango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu