Tabako saltzaileen eta erretzaileen haserreari muzin egin eta urtebetean hirugarren aldiz tabakoaren gaineko zerga igo du Frantziako Gobernuak. Horren ondorioz, atzoz geroztik, Ipar Euskal Herrian tabakoa pipatzea %8 eta %10 artean garestiagoa da, hau da, 40 zentimo inguru tabako gorriaren pakete bakoitzeko. Gaur egun, tabako marka salduenaren Marlboro 20 zigarroko paketeak bost euro balio ditu, hots, Hego Euskal Herrian kostatzen denaren halako bi.
Osasun arrazoiak argudiatu ditu Gobernuak tabakoaren prezioa urtebete eskasean %45 emendatzeko. Jean François Mattei Osasun ministroak erabateko gerra deklaratu dio tabakismoari. «Frantzian heriotza gehien eragiten dituen kausa da: urtero tabakoak 60.000 frantziar hiltzen ditu. Gainera, 15 miliar euro kostatzen zaigu», ziurtatu du ministroak. Tabakoaren gaineko zergak ere diru sarrera handiak ekartzen dizkio Frantziako Estatuari, 10.000 milioi euro ingurukoak.Osasun Ministerioaren datuen arabera, hiru minbizi kasutatik batek lotura zuzena du tabakismoarekin. Biriketako minbizia dutenen %90 erretzaileak dira eta beste %5, berriz, erretzaile pasiboak.Beti ere datu horien arabera, bi pipatzaileetatik bat tabakismoarekin lotutako gaixotasunengatik hilko da, «behar baino lehenago».
Paketearen %80 zergak dira
Jean Pierre Raffarin lehen ministroak sutsuki egin du bat bere ministroaren politikarekin. 2003. urtearen hasieran jada %8 eta %16 artean igo zuen tabakoaren gaineko zerga, eta beste %18 eta %20 artean iragan urrian. Dagoeneko, tabako paketearen azken prezioaren %80 zergak dira; erran nahi baita, saltzaileari ematen zaizkion bost euroetatik lau Estatuaren kutxetara doaz zuzenean.
Ez da, gainera, urteko azken igoera izango, uztailean beste bat iragarri baitu Frantziako Gobernuak. Hortik aurrera, lau urtez tasa ez igotzea erabaki zuen Raffarinek, tabako saltzaileen haserrea apaldu asmoz.Saltzaileak saminduta manifestatu ziren Parisen iragan azaroaren 24an, Gobernuak milaka lanposturen galera eragingo zuela salatzeko. Haserrea ikusita, Gobernuak uztailera arte atzeratu zuen aurreikusita zegoen igoeraren erdia orduan beste %10 emendatuko dira prezioak, eta agindu zien tabako saltzaileei paper ofizialak eta beste zenbait produktu saldu ahal izango lituzketela. Gainera, Gobernuak 150 milioi euro arteko kalteordainak agindu dizkie. batik bat mugetatik gertu daudenen artean banatzeko. Laguntza horiek nahikoak ez direla salatu dute saltzaileek. Guztira 34.000 zigarro saltzaile daude hexagonoan.Izan ere, prezioa igotzeko politikak jada eragin du kontsumoaren jaitsiera. 2003an zehar saldutako pakete kopuruak %13 egin du behera.Tabako Saltzaileen Konfederazioko presidenteak, Rene Le Papek, datu horien eragina auzitan jarri ditu. Izan ere, prezioen igoerak eragin du gero eta gehiago izatea tabakoa muga zeharkatuta erosten dutenak.
Euskal Herriko kasua
Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean oso nabarmena da muga aldeko trafiko hori. Ehunka lapurtarrek Behobiako muga zeharkatzen dute egunero Irungo supermerkatu eta dendetan tabakoa eta alkohola erosteko. Mendi aldean ere, garai bateko bentak Ibardin, Dantxaria eta Luzaidekoak batik bat tabako eta alkohol saltokiak bilakatu dira. Udan zehar, Ipar Euskal Herria bisitatzen duten turista frantziarrek ere bisita egiten diete benta horiei.
Le Papek adierazi duenez, gorakada handiaren bigarren eragina kontrabandoaren ugaritzea izan da. Hori dela-eta, zigarreta saltzaileek eskatu dute Europako Batasun osoan tabakoaren gaineko zerga parekatzeko. Tabako ekoizleei ere kalte handia egin die Parisen politikak. Beren negozioari eusteko, 19 zigarroko paketeak saltzeari ekin diote, 4,25 euroan, Alemanian jada egiten den moduan. Neurri psikologiko hutsa da: Altadisen 19 zigarroko Bastos pakete bat erosiz gero, zigarro bakoitzeko 22 zentimo ordaintzen dira, eta 23 zentimo 20koa erosiz gero.
Tabako paketea bost euroan dago Iparraldean
Urtebete eskasean, Frantziako Gobernuaren zergak bultzatuta, %45 garestitu da zigarroen prezioa, eta igoera ez da amaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu