Zergen igoera ez litzateke bat-batekoa izango, progresiboa baizik: urtez urte igoz joango lirateke 2014ra arte. Tabakoaren inguruko zerga txikienak dituzten herrialdeetan igoko lirateke gehien. Herrialde horietan urtebete edo bi urte gehiago izango lituzkete igoera aplikatzeko. Kalkuluen arabera, Europako Batasuneko 11 herrialdetan %20 igo daitezke zerga minimoak. Polonian igoko lirateke gehien (%47); Eslovakia eta Bulgarian gero (%36).
Hala ere, aintzat hartu behar da Europak ezarritakoez gain, estatuek bestelako zerga batzuk ere ezartzen dizkiotela tabakoari, eta guztiek baldintzatzen dutela prezioa. Europan bi zerga mota ordaintzen dira tabakoarengatik: tabakoaren azken prezioaren gaineko zerga eta mila zigarreteko zerga.
Europako Batzordearen datuen arabera, Hego Euskal Herrian %17,9 garestitu daiteke tabakoaren prezioa proposamena onartzen bada. Horrek kontsumoa %7,7 murriztea espero dute. Egun, 20 zigarretako kaxa baten zerga minimoa %57 da -mila zigarretarengatik 64 euro-. Neurria onartzen bada, zerga minimoa %63ra igoko da -mila zigarretarengatik 90 euro-.
Frantzian gobernuaren esku
Ipar Euskal Herrian, berriz, Frantziako Gobernuak erabakiko luke proposamenarekin bat egin ala ez. Guztira, lau dira proposamenetik salbuetsitako herrialdeak: Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia eta Suedia. Haien esku geratuko da zergak gehiago igo ala ez erabakitzea.
Hego Euskal Herrian 2006an izan zuten tabakoaren zergek azken igoera handiena. Espainiako Gobernuak tabakoaren azken prezioaren gaineko zerga %54,95etik egungo %57ra igo zuen, eta mila zigarretaren gaineko gutxieneko zerga 55 eurora. Espainian Tabakoaren Kontrako Legea onartu arren, aurreko urteetan baino merkeagoa zen tabakoa. Prezioak 2000. urtekoekin aldera zitezkeen: Fortunak eta Winstonek 1,85 euro balio zuten, Ducadosek, Camelek, Chesterfield eta Lucky Strikek 2,00 euro.
Lazlo Kovacs Zerga Sistemako eta Aduanetako Europako Komisarioak azaldu duenez, proposamenaren helburua da «tabakoaren kontsumoa jaistea eta Europan tabakoaren prezioak duen aldea berdintzea». Kontsumoari dagokionez, Europan 650.000 pertsona hiltzen dira urtean tabakoaren kontsumoak sortutako gaitzen ondorioz, eta horri aurre egiteko tabakoaren kontsumoa %10era jaitsi nahi dute. Europako Batzordeak eskatuta Munduko Bankuak egin duen ikerketa baten arabera, prezioen %10eko igoerak kontsumoa %4 jaisten du. Neurriak batez ere gazteei eragitea aurreikusi dute, diru gutxiago daukatelako.
Prezioaren aldeari dagokionez, berriz, tabakoa Europako herrialde batean zein beste batean erosi prezioak asko aldatzen dira: %600 arteko aldeak ere badaude. Egun, prezioaren kalkulua estatu bakoitzean tabako marka salduenaren arabera egiten da. Esaterako, Letonian, marka salduenaren kaxa bakoitzeko 1,19 euro ordaintzen dituzte, Hego Euskal Herrian 2,40 eta Erresuma Batuan 8,12 euro. Zerga minimoak igoz, Europako Batzordeak prezioak berdindu egin nahi ditu, herritarrek merkeago saltzen den ondoko herrialdean eros ez dezaten. Horregatik, prezioak ezartzeko modua ere aldatu nahi dutela adierazi dute Bruselatik.
Kontsumoa eta estatuen arteko prezioaren aldeaz gain, kontrabandoa eta beste tabako mota batzuen zergak ere arautu nahi ditu Europako Batzordeak. Horien artean, biltzeko tabakoaren zergak igo nahi ditu gehien. Orain arte, oso zerga baxuak izan ditu tabako mota horrek, eta 2002tik 2006ra ohiko tabakoaren salmentak jaitsi diren arren, biltzeko tabakoarenak igo egin dira. «Garrantzitsua da biltzeko tabakoan egindako zigarretek duten maila berean egotea», azaldu du Kovacsek.
Europako Batasunean kontsumitutako tabakoaren %13 beste herrialde batzuetatik iritsi zen 2004an, eta kopuru hori %20era ere igotzen zen zenbait herrialdeetan. Kontsumo guztiaren %8-9 kontrabandokoa zela diote datu horiek ere.
############
Tabako saltzaileek ez dute uste neurriak kontsumoa murrizteko balioko duenik
Espainiako Estatuko Tabako Saltzaileen Elkartea Europako Batzordeak eginiko proposamenaren alde agertu da, baina ez du uste kontsumoa asko jaisteko balio izango duenik.Saltzaileen elkartearen arabera, erosteko ahalmenaren arabera, «zertxobait» jaitsiko da kontsumoa. Hala ere, kontsumoa murriztea ez dute uste proposamenaren helburu nagusia denik. Fernandez Vicario elkarteko presidenteak Europa Pressi azaldu dionez, «etekinak ateratzeko» egiten dute, eta horrek, agerian uzten du «politikarien hipokresia».Betidanik zergak jendearen erosteko ahalmenaren arabera egokitzearen alde egon direla azaldu dute elkartetik «kontrabandorik egon ez dadin, eta tabako faltsuari aurre egiteko». Horiek Europaren arazo handienetako batzuk direla ere zehaztu dute.
############
Zergen hazkundea progresiboaizango litzateke2014. urtera arte
Tabakoaren prezioa %10 garestituz gero kontsumoa %4jaisten dela uste dute
############