Tabernari bat Basurtuko Ospitalera eraman dute gaur bazkalondoan, ustez pikete bateko kideek zaurituta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du 14:30 aldera izan dela erasoa, Urkixo zumarkalean. Taberna irekita zegoela-eta barrura sartu da lagun talde bat, eta ixteko eskatu diote jabeari. Liskarra hasi da orduan, eta tabernaria anbulantzian eraman dute erietxera. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.
Goizeko mobilizazioetan lau lagun zauritu dira. Gertakari larrienak Iruñean izan dira, non hiru lagun zauritu dituzten, bat belarrian pilotakada jota eta beste biak buruan. Buruan pilotakada jaso duenetako bat BERRIAko Iruñeko delegazioko kazetaria da; ez zen lanean ari.
"Sarasateko ekitaldian geunden, eta liburuzainen pankartaren ondoan nengoen ni. El Corte Ingles parean istiluak hasi dira. Poliziak kargatu egin du, eta gazte batzuk harriak eta botilak bota ondoren, Sarasaten barruraino sartu dira". Pilotak buruaren atzealdean jo du, eta bi puntu eman behar dizkiote kazetariari. "Gertutik bota didatela pilota esan didate; zortea izan dut", gaineratu du.
Iruñeko beste zaurituetako bat ere buruan jo dute; 14 urteko gazte bat da, eta lekukoen arabera hori ere pilotakada batez zauritu dute. Europa Press albiste agentziak dio zaurituetako bat botila batekin jo dutela, Sarasate eta Nafarroako Parlamentuaren artean. Lau polizia zauritu dituztela ere zabaldu du agentzia horrek.
Bilbon, beste pilotakada bat, begian
Mutil bat erietxera eraman dute goizean Bilbon, ertzainek jaurtitako pilotakada batek begian jota. Herrizaingo Sailak BERRIAri baieztatu dio gaztea Basurtuko Ospitalera eraman dutela anbulantzian. Gertatu denari buruzko xehetasun gehiago ez dute eman, nolanahi ere. Miguel Buen Segurtasun sailburuordeak adierazi du oraindik ez dagoela argi gaztea pilotakada batek jo duela.
Azken greba orokorretan Ertzaintzaren parte hartzeak hainbat kexa eragin ditu, batez ere gehiegikeriak salatu dituztelako greben aldekoek. Martxoaren 29ko greban Xuban Nafarrate gaztea larri zauritu zen. Rodolfo Ares Barne sailburuak esan zuen ihes egiten ari zela zauritu zela.
Gaztearen aitak, ordea, Eusko Legebiltzarrean salatu zuen gomazko pilota batekin zauritu zutela ertzainek, gertutik botata. Salaketa jarri zuen Gasteizko instrukzio epaitegian, eta hori frogatzeko bideoak aurkeztu zituen, bat poliziaren gehiegikeria salatzeko, eta bestea semea nola jo zuten azaltzeko.