Fagor Etxetresnak kooperatibak estropezu egin zuen harria jo du haren ondorengoak ere, Edesa Industrialek. 800 milioiko zorrari aurre egin ezinik, Fagorrek porrot egin zuen 2013ko udazkenean, Mondragon taldeak erabaki zuelako ez zuela merezi dirua erruz galtzen ari zen proiektu bati eustea, Arrasateko kooperatibismoarentzat ikurra izan arren. Fagor berria, Edesa Industrial, oraindik ez dago egoera horretan, baina larri dabil. La Vanguardia egunkariak kaleratu zuenez, konkurtsoaren aurrekora jo du, bankuei zor dizkien ia 100 milioi euro itzultzerik ez duelako.
Lau hilabeteko epea du orain Edesa Industrialek zorraren ordainketa berriro negoziatzeko, Donostiako merkataritza auzitegiaren babespean. Hala eginez gero enpresa berregituratu eta aurrera egin nahi duela esan diote enpresako iturriek Bartzelonako egunkariari: "Bideragarritasun plan batean ari gara lanean, eta espero dugu bankuak konbentzituko ditugula zorra berriro finantzatzeko".
Erakundeak, haserre
Horren inguruan hitz egin du goizean Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. Salatu du enpresa ez dela "gardena" izan ez langileekin, ezta erakundeekin ere: "Azalpen asko eman beharko dituzte". Gertatutakoa "onartezina" dela iruditzen zaio: "Hauek ez dira gauzak egiteko moduak. Badirudi entitateekin kreditua amaitu zaiela, baina Jaurlaritzarekin ere bukatu zaie kreditua".
Langile batzordea ere gaur da biltzekoa Garagartzan. Euskadi Irratiari adierazi diotenez, bazekiten enpresaren egoera zaila zela, baina ez zuten espero "horrelako neurririk" har zezakeenik enpresako zuzendaritzak. Langile batzordeak espero du gaur-biharretan batzartu ahal izatea zuzendaritzarekin. 350 langile daude beharrean enpresan.
Ainhoa Aizpuru GIpuzkoako Sustapen Ekonomikorako diputatua ere haserre azaldu da, eta Edesa Industrialek "errespetu faltaz" jokatu duela uste du. Azaldu duenez, azken hilabeteotan "harreman etengabea" izan dute Edesa Industrialek eta aldundiak, eta kritikatu du ez jakinarazi izana konkurtso aurrekora jotzeko asmoa.